Akordioaren arabera, Palestinar Aginte Nazionalak mugak kontrolatuko ditu, Gazako Zerrendakoak barne. Elkartze politikoa adostu dute erabakiak hartzeko, baita Palestinako parlamentuak bere eginkizunei berriro ekitea ere. Negoziaketak Kairon izan dira, Egiptoren bitartekaritzarekin.
Segurtasun erakundeak eta erakunde zibilak bateratuko dituzte eta batzorde bat osatuko dute Gaza berreraikitzeko. Batzordearen eraketa “aurrerapauso bat da nazioarteko emaileek Palestinar Aginte Nazionala Gaza berreraikitzeko egiten ari den ahalegina ikus dezaten”, adierazi du Musa Abu Marzuk Hamaseko ordezkaritzako buruak.
Gazako funtzionarioen ordainketen arazoa konpondu dutela jakinarazi du Azam Al Ahmed Al Fatah-ko ordezkaritzako buruak: “Batasun gobernuak funtzionario guztiei soldatak ordainduko dizkie, denak palestinarrak direlako eta palestinar guztien gobernua delako”, adierazi dio Reuters agentziari.
“Palestinar Aginte Nazionalaren nazioarteko jarduera koordinatzea” adostu dutela gehitu du Al Ahmedek, “Palestina Nazio Batuen Erakundean sartzeko batez ere”.