argia.eus
INPRIMATU
Gazako gerra krimenengatik ardurak har ditzala eskatu dio NBEk Israeli
  • Navi Pillay Giza Eskubideen alorreko Nazio Batuen goi-komisarioak Israeli eskatu dio "gerra krimenen frogen" aurrean bere ardura onar dezala.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 05
Israelen eraso batek suntsitutako etxea Rafah-n, Gazako hegoaldean (argazkia: Reuters / Ibraheem Abu Mustafa)

Pillayk agiri baten bidez kondenatu du uztailaren 30ean Israelek NBEren eskola baten kontra egindako bonbardaketa, baita azken hilabeteko beste zenbait eraso ere. "Zibilek ezin baldin badute NBEren eskoletan babestu, non egin ahalko dute?", galdetu du asteartean argitaratutako oharrean.

"Familia osoen hilketa ikusten ari gara, kalean jolasten ari diren haurrena, edo babes bila dabiltzanena", adierazi du NBEko ordezkariak. Gogora ekarri du duela bost urte Israelek Gazari eraso egin ostean, gertakarien ikerketa batzordeak zenbait aholku egin zituela, besteak beste afera Nazioarteko Zigor Auzitegira eramatea, Israelen bertan ardurak hartzeko prozesuek aurrera egiten ez dutenez.

"Barkaezina da nazioarteak soluzio politikorik ez aurkitzea", dio Pillayk publiko egin duen dokumentuak amaieran.

72 orduko su etena

Bi aldeek Egiptok proposatutako hiru eguneko su-etena onartu dute. Astearte goizean hasi da, eta irauten duen bitartean Nazio Batuen Erakundeak Palestinako eskolak eta babeslekuak berriz hornituko ditu.

Su-etena Israelgo lurreko tropen atzera egitearekin hasi da. “Israelgo Indarrak defentsa-posizioetan kokatuko dira Gazako zerrendatik at, eta posizio horiek mantenduko ditugu”, adierazi du Peter Lerner Israelgo armadaren bozeramaileak.

Palestinako ordezkaritza bat Kairon dago igandetik. Fatah, Hamas, Jihad islamikoaren eta beste taldetako ordezkariak Egiptoko hiriburura joan dira su-eten iraunkorra negoziatzeko.

“Su-eten iraunkorra eta egonkortasuna berrezartzea bermatuko du honek”, adierazi du Egiptoko Kanpo Arazoetako Ministerioak ohar batean. Ordezkaritza gehiago iritsiko dira Kairora hurrengo egunetan Egiptoren ekimenarekin bat egiteko: su-eten iraunkor baterako akordioa lortzea.

Nazio Batuen Erakundearen bilera “informala”

NBEren Batzar Orokorrak bilera “informala” egingo du asteazkenean Gazako Zerrendako egoera aztertzeko. Arabiar herrialdeen taldeak eskatu du bilera, eta presioa egiten ari dira Segurtasun Kontseiluak gatazkaren inguruko ebazpen irmo bat hartu dezan.

Batzarrak bideokonferentzia bidez entzungo ditu Nazio Batuen arduradunen txostenak. 1.834 palestinar eta 64 israeldar hil dira erasoak uztailaren 8an hasi zirenetik. NBEren Segurtasun Kontseilua geroz eta kritika gehiago jasotzen ari da, erasoekin bukatzeko ez presionatzeagatik.