argia.eus
INPRIMATU
Gazan, 110 palestinarretik bat erail dute sionistek
  • Urriaren 7tik hona, 20.000 palestinar erail dituzte Gazan, eta zenbaezinak dira zaurituak eta desagertuak.

Gedar @GedarLangileKZ 2023ko abenduaren 21
Argazkia: M. Abed/AFP

Sionisten eraso masiboek eta sistematikoek ez dute etenik Gazako Zerrendan: gora eta gora egiten jarraitzen du hildako palestinar kopuruak. Argitaratu dituzten azken datuen arabera, urriaren 7tik hona, ia 20.000 palestinar erail dituzte Gazan, eta horietatik 8.000 inguru ziren haurrak.

Eraildako pertsona kopurua hobeto irudikatzeko, erraz atera daiteke proportzio bat: Gazako Zerrendan 2,2 palestinar inguru bizi direla kontuan hartuta, azken hilabeteetan 110 biztanletik bat erail dute sionistek, gutxi gorabehera.

Herri oso bat

20.000 palestinar dira urriaren 7tik hona indar israeldarrek eraildakoak, eta beste alderaketa batek ere lagun dezake agian horren ikaragarrizko dimentsioa irudikatzen. Euskal Herriko ondoko udalerriek 20.000 biztanle edo gutxiago dituzte (2021eko datuen arabera): 19.997 Tolosak (Gipuzkoa), 19.587 Amorebieta-Etxanok (Bizkaia), 19.537 Barañainek (Nafarroa), 18.949 Lasarte-Oriak (Gipuzkoa), 17. 810 Laudiok (Araba), 17.662 Mungiak (Bizkaia), 16.904 Hondarribiak eta 16.855 Gernika-Lumok (Bizkaia).

Milaka zauritu, desagertu eta errefuxiatu

Datu izugarri horiez gain, jada zenbaezinak dira Israelgo indarrek zauritutako eta desagerrarazitako palestinarrak. Gainera, ehunka eta ehunka bahitu eta preso hartu dituzte. Hori gutxi balitz, Gazako Zerrendatik kanpo ere areagotu da palestinarren kontrako indarkeria: Zisjordanian ere, militar nahiz kolono sionistek etengabe egiten diete eraso palestinarrei.

Duela hilabete eskas argitara ateratako datuek zioten, gainera, urriaren hasieratik 1,5 milioi gazatarrek egin behar izan dutela ihes euren etxeetatik eta lurretatik, sionisten erasoen ondorioz. Nagusiki, Gazako iparraldetik hegoaldera egin behar izan dute alde, nahiz eta azken hilean iparraldean ere areagotu dituzten erasoak indar israeldarrek. Ez dago leku segururik Gazan, eta ihesaldian ere askotariko erasoak jasaten dituzte palestinarrek.

Israelgo inteligentzia-zerbitzuen dokumentu bat filtratu zenean, mahai gainera atera zen sionistek izan dezaketen berehalako plana: Gazako palestinarrak euren lurretatik botatzea eta Egiptoko Sinai eskualdera kanporatzea, okupazio-asmoekin jarraitzeko.

Abenduaren hasieran, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek ulertzera eman zuen beste bi hilabetez luza daitekeela sionisten ofentsiba militarra.