argia.eus
INPRIMATU
Gazako su etena kinka larrian, Israelek 620 preso palestinarren askatasuna gerarazi ostean
  • Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako palestinarrak euren bizilekuetara ez itzultzeko. Gazako su-eten akordioaren barruan, larunbatean 620 preso askatu behar zituen Israelek, baina ez du egin.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 24a
Israelgo armadak 2023an Jeninen aurka eginiko eraso bat. IDF Spokesperson's Unit photographer (CC BY-SA 3.0)

Urtarrilaren 20an, Hamasekin Gazarako su etena sinatu eta hiru egunera, Israelgo armadak Zisjordania iparraldearen aurkako erasoaldia abiatu zuen: Jenin hiriaren aurka oldartu zen lehen une batean, baina ondoren Tulkaremera edota Nur Shams errefuxiatu gunera zabaldu ditu erasoak. Israelek ehunka soldadu eta tanke ugari bideratu ditu –2002tik lehen aldiz– operazio militar horretara, eta ondorioz milaka palestinar euren bizilekuetatik alde egitera behartu ditu.

Israel Katz Defentsa ministroak igandean adierazi zuen Israelgo armadak eraso egin dien errefuxiatu guneetan hurrengo urtera arte egoteko asmoa duela: "Soldaduei agindu diet hurrengo urterako kanpalekuetan luzaroan egoteko prestatzeko, bizilagunen [palestinarren] itzulera eta terrorismoaren berpiztea eragozteko".

Azken egunetan nabarmen hazi bada ere, Zisjordaniaren aurkako Israelen oldarraldia erresistentzia palestinarraren 2023ko urriaren 7ko erasoaz geroztik sendotu da: 800 palestinar baino hil dituzte soldadu israeldarrek nahiz bertako kolonoek, eta Peace Now gobernuz kanpoko erakundeak 2024ko uztailean argitaratutako datuen arabera, Palestinako 2.400 lur hektarearen jabetza aldarrikatu du Israelek.

 

Israelek ez ditu 600 atxilotu palestinar askatu larunbateko preso trukean

Su-eten akordioan adostutakoa betez, larunbatean Hamasek sei gatibu israeldar askatu zituen; Israelek, ordea, ez zuen berdina egin, eta ez zituen 600 preso palestinar aske utzi. Al Jazeera hedabideari eginiko adierazpenetan, Basem Naim Hamaseko kideak menia behin eta berriz urratzea leporatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, eta iragarri du Hamasek su etena baliogabetuko duela Israelek larunbatean askatu behar zituen preso palestinarrak aske utzi arte.

"Su etenaren urraketa ugari egin ditu [Israelek]: 100 palestinar baino gehiago hil ditu bonbardaketetan, palestinarren oinarrizko laguntza gehienak Gazan sartzea eragotzi du, eta, azkenik, uko egin dio gutxienez 600 preso palestinar askatzeri", adierazi du Naimek.