Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz hildakoak. Suntsitutako eraikinen azpian geratutakoak, gaixotasunez edo gosez zeharka hildakoak 185.000 baino gehiago izan zitezkeela kalkulatu zuten iazko udan aldizkari horrek.
Osasun ministerioak, 2023ko urriaren 7an gerra hasi eta 2024ko ekainera arte guztira 37.877 hildako izan zirela azaldu bazuen ere, The Lancet-eko ikerketan, zifra handiagoa dela azaldu dute. Azterketan estimatu dute hildakoen kopurua 55.298 eta 78.525 artean egon daitekeela, nahiz eta zifra ofizial moduan 64.260 hildako izan direla kalkulatu duten.
Ikerketak zuzeneko heriotzak soilik hartzen ditu kontuan, hau da, indarkeriatik zuzenean eratorritakoak (bonbak, tiroak, eta abar). Ez ditu kontuan hartzen zeharka hildakoak, hau da, gaixotasunen edo bestelako arazoen ondorioz hildakoak.
Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolako ikertzaileek egin dute The Lancet-eko ikerketa. Capture-recapture izeneko estatistika metodoa erabili dute horretarako. Metodo horren bidez, hildakoen zifrak kalkulatzeko kontuan izan dituzte Osasun Ministerioak ospitaleetan edo tanatorioetan identifikatutako gorpuen zerrenda, Palestinako herritarrek internet bidez bidalitako senideen hilketen zerrenda, eta sare sozialetan argitaratutako heriotza albisteak.
Zeharkakoak kontuan izanez gero, zifra 185.000tik gorakoa izango litzatekeela azaldu zuten The Lancet-en argitaratutako beste ikerketa batean iazko udan. Zuzeneko eta zeharkako kausak kontuan izanda, hildakoen zifra %70 gehiago izan zitekeela kalkulatu zuten, biztanleria osoaren %8.
Ikertzaileetako bat den Zeina Jamaluddinek, adierazi du, ordea, ez dela nahikoa gertatutakoaren erregistroa soilik izatea, ekintza zehatzak behar direla bizitzak salbatzeko eta giza sufrimendua eteteko.