argia.eus
INPRIMATU
‘The Lancet’ aldizkariak Gazan Israelek hildakoak zenbat izan daitezkeen kalkulatu du: ia 200.000 pertsona
  • "Zaila da, baina beharrezkoa". Hala azaldu du The Lancet zientzia aldizkariak Gazako hildakoak kontatzeko hartu duen lanaren berri. Hildakoen kopurua, gaixotasunak eta bestelako zeharkako faktoreak kontuan hartuta, gutxienez 186.000 pertsona hil dituztela kalkulatu dute, eta Gazako biztanleriaren ia %10 dagoela hiltzeko arriskuan.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 09a

Gazako genozidioaren ondorioak ikertu ditu The Lancet aldizkariak, eta heriotza kopuruaren estimazioa egin. “Aurreikuspen zuhurra” eginda, 186.000 palestinar baino gehiago hil daitezkeela ondorioztatu du aldizkariak. Gazako biztanleriaren 2022ko datua aintzat hartuta, 2.375.000 pertsona ingurukoa, biztanleriaren %8 hil daiteke genozidioaren ondorioz.

Ikerketan azaltzen dute nola gatazka armatuek zeharkako kalte ugari sortzen dituzten, zuzeneko indarkeriaz gain. Gatazkak amaitu ondorengo hilabete eta urteetan zeharkako heriotza ugari izaten dira gaixotasunen eta bestelako arazoen ondorioz. Gazak jasandako oldarraldien tamaina ikusita, gainera, espero da heriotza tasa “oso handia” izatea, sionisten erasoak orain amaituko balira ere. Faktore ugari aipatu ditu Lancet-en ikerketak. Osasun sistema suntsituta dago, ia ezinezkoa bilakatu da elikagaiak, ura eta babeslekua lortzea, Gazako biztanleek ezin dute leku seguruetara joan, ez baitago halakorik, eta finantzazioaren zati handia galdu du UNRWAk, Gazan aktibo jarraitzen duten erakunde humanitario bakanetakoa denak.

Azken urteetako gatazketan, ikerketaren arabera, zeharkako heriotzak askoz gehiago izan dira zuzenekoak baino. Hiru aldiz gehiago, gutxienez, eta zuzeneko heriotzak baino hamabost aldiz gehiago, kasu larrienetan. Gazako genozidioa ikertzean “estimazio zuhurra, kontserbadorea” erabili dute ikertzaileek, eta zenbatu dute lau aldiz gehiago izango direla zeharkako heriotzak zuzenekoak baino. 37.396 hildakoren kopurua erabili dute ikerketarako (38.153 dira azken datuen arabera), eta ondorioztatu 186.000tik gora hil daitezkeela Gazako genozidioaren ondorioz. Gehiago ere aurreikusi daitezke, esan bezala, estimazio gogorragoak eginez gero. Izan ere, epidemia larriak sortzeko arriskua dago Gazan, osasun arazoei aurre egiteko gaitasuna suntsitu duelako Israelek.

38.000 hildakoen kopurua motz gelditzen da, ikerketan ohartarazi dutenez, identifikatu gabe dauden gorpu guztiak ez dituelako zerrendan gehitzen Gazako Osasun Ministerioak, eta asko zaildu delako hildakoen jarraipena egitea. Hala ere, gogorarazi dute datuak ontzat eman dituztela NBEk, Osasunaren Mundu Erakundeak, eta baita Israelgo inteligentzia zerbitzuek ere. Bestalde, eraitsitako eraikinen azpian harrapatuta daude milaka palestinarren gorpuak, eta horiek ez daude zenbatuta. Estimazioen arabera 10.000tik gora dira aurkitu ez diren hildakoak.

Gazako eraikin gehienak suntsitu ditu armada sionistak, %70 eta %85 artean, iturri ezberdinetako datuen arabera. The Lancet aldizkari zientifikoko ikerlariek adierazi dute ezinbestekoa dela erasoak etetea, eta neurri indartsuak hartzea sendagaiak, janaria, ur garbia eta beste oinarrizko baliabide batzuk banatu ahal izateko.