argia.eus
INPRIMATU
Gazako erasoek ez dute etenik, 60 palestinar hil dituzte gutxienez azken 24 orduetan
  • Bost errefuxiatu kanpalekuri egin diete eraso sionistek 48 orduan, eta dozenaka lagun hil. NBEk ohartarazi du Israel nahita ari dela muturreko gosea sortzen Gazan, eta gerra krimena dela adierazi du.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 27a

Gazan egunerokotasuneko kontua bilakatu dira sionisten bonbardaketak. Jada albisteen lerrobururik ere ez dute betetzen ia Israelgo Armadaren erasoek, baina egunero hiltzen dituzte dozenaka palestinar, Gazako Zerrendaren luze zabalean. Azken 24 orduetan gutxienez 60 palestinar hil dituzte sionistek, eta 140 zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Zisjordanian ere izugarri egin du gora armada israeldarraren presioak, hamaika hiri eta herritan sarekadak eta oldarraldiak egin dituzte soldaduek, eta dozenaka palestinar atxilotu. Ehunka etxe eraitsi dituzte Zisjordanian, eta bertako kolono sionistei babes gehigarria eta “legezko baimen” gehiago eman dizkie Israelek, kolonizazioan aurrerapausoak egiteko.

Dozenaka kokaleku bonbardatu dituzte sionistek azken orduetan. Gazako Defentsa Zibilerako erakundeak esan du Gaza iparraldeko Beit Lahya hiriaren suntsiketa maila “irudimenetik harago” doala. Gutxienez hamabost pertsona hil dira bertan Israelgo erasoen ondorioz, zibilen etxebizitza zonalde batean egindako bonbardaketetan. Gaza hegoaldeko Rafah hiria lurrez inbaditzen ere jarraitzen du armada sionistak. Maiatza hasieran bertan babes hartuta zeuden 1,4 milioi palestinarretatik gehienek ihes egin behar izan dute, edo hil egin dira Israelen bonben azpian. Armada sionistaren tankeak hiria suntsitzen ari dira oraindik, mendebaldeko auzoetan gehienbat azken egunetan, eta militarki guztiz hartua dute Gaza eta Egipto elkartzen dituen muga.

Azken 48 orduetan bost errefuxiatu kanpalekuri egin diete eraso sionistek, eta dozenaka pertsona hil dituzte bertan. Ia egunerokotasuneko kontua bilakatu dira halako testigantzak Gazan azken zortzi hilabeteetan. Eraikinetako hondakinen artetik pertsonak ateratzeko lanetan dabiltza etengabe. Palestinar askok hainbat hedabidetan aipatu dute umeen oihuak entzuten dituztela egunero, eraitsitako eraikinen azpian harrapatuta. Milaka pertsona daude desagertuta, eta bonbek eragindako hondakinen artean daudela uste da.

37.000 palestinar baino gehiago hil dira jada genozidioan, eta 86.000tik gora zauritu, osasun sistema guztiz suntsitzearekin batera. Gazako mediku ugarik ohartarazi dute zaintza intentsiboetako unitatean heriotza tasa %100ekoa dela, ez baitago sendagairik ez oinarrizko hornidurarik gaixoak artatzeko, Israelek ezarritako blokeo zorrotzaren ondorioz. Sionisten bonbek Gazako etxebizitzen %80ari eragin diote, osasun zentroen %84ari eta oinarrizko ur horniduren %95ari, nazioarteko eta tokiko erakundeen datuen arabera. 80.000 tona lehergai baino gehiago jaurti dituzte urriaren 7tik hona.

Muturreko gosea jasaten ari da Gazako biztanleria. NBEk ohartarazi du Gazako biztanleen %96ak, bi milioi pertsona baino gehiagok, “krisi mailako elikagaien segurtasun falta” bizi dutela, eta milioi erdi pertsonak “katastrofe” mailako gosea. Azken egunetan ugaritu egin dira bideoak eta testigantzak, esanez zuhaitzetako hostoak jaten ari direla Gazako palestinar ugari. Zabor eta hondakin artean janari bila dabiltzala ikusi ahal izan dira milaka pertsona. NBEk Israelen jarduna gaitzetsi du, salatu du gosea nahita ari dela sortzen Gazan, eta gerra krimena dela ohartarazi.

Su-etenaren arrastorik ez

AEBek egindako su-eten proposamenari buruz ez da apenas ezer entzuten jada. Israelekin adostuta zegoela iragarri zuen Joe Bidenek proposamena aurkeztean, baina Netanyahuk Bidenen hitzak ezeztatu besterik ez du egin azken asteetan. Su-eten iraunkor baten guztiz aurka agertu da lehen ministro sionista, eta hori da Hamasek ezarritako oinarrizko baldintzetako bat, Israelen oldarraldia amaitzea. Hasieratik tematu ziren AEBak Hamas aurkezten su-eten akordioa ez egotearen erantzule gisa, baina narratiba horrek pisua galdu du egunez egun, Hamasek erantzun baitio su-eten proposamenari, aldaketa batzuk eginez, eta Israel da oraindik ofizialki erantzun ez duena.