argia.eus
INPRIMATU
Gazan AEBek eraiki duten portua: laguntza humanitarioa ala baliabide naturalen lapurreta?
  • AEBek Gaza kostaldeko behin-behineko portua eraikitzen amaitu dute, eta kamioi bakan batzuk sartu dira zerrendan. AEBetako mila soldadu aritu dira eraikuntza lanetan. Okupazioaren tresna izatea leporatu diote eragile ugarik portuari, eta begirada Palestinako kostaldeko baliabide naturaletan jarria izatea. Portutik Israelentzako AEBen armak sartu dituztela ere salatu dute.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 22a

AEBek amaitu dute “behin-behineko portua” eraikitzen Gazako kostaldean, martxoan iragarri zuena Joe Bidenek. Ur gainean eraikitako kaia da, eta bertatik laguntza humanitarioa daramaten kamioiak sartzea izan da AEBek azaldutako asmoa. Mila soldadu estatubatuar ibili dira Gazan portua eraikitzen azken bi hilabeteetan. Bidenek martxoan esan zuen portuaren bidez janaria, ura, sendagaiak eta aldi baterako babeslekuak eramango zituztela Gazara, egunero 90-150 kamioi artean sartuta. Pentagonoak adierazi zuen beharrezkoa zela Israelekin lankidetzan aritzea, eta sionistek portuaren kudeaketan parte hartzen dute.

Eragile ugarik kritikak egin dizkiote AEBen ekimenari, Gazaren burujabetzaren aurkako eraso bat gehiago delakoan. Israelek Gazaren mugak %100ean kontrolatzeko neurria izatea egotzi diote proiektuari, “okupazioaren portua” deitu diote Gazan. Gainera, Gazako kostaldeak daukan garrantzia estrategikoa nabarmendu dute, gas natural eta petrolio hobi erraldoiak daudelako itsasertzetik gertu, palestinarrei dagozkien uretan. Hori gutxi balitz, Gaza kostaldeko etxe suntsituen hondakinekin eraiki dute portuarentzako oinarria.

Gas natural eta petrolio hobi erraldoiak daudelako itsasertzetik gertu, palestinarrei dagozkien uretan

Portuak ez du egoera aldatuko

UNRWAk salatu du AEBen portua ez dela konponbide egokia. Erakundeko kide Sam Rosek BBC kateari adierazi zion garestia dela eta ez dela eraginkorra. Portua “osagarria” izan badaiteke ere, ez dela inondik inora nahikoa. “Ezin da biziraun laguntza humanitarioa dakarten kamioiekin”. Zerbitzu eta azpiegitura egokiak, osasun zerbitzuetara sarbidea, ura eta etxeak ezinbestekoak direla azaldu zuen, eta, hortaz, “kontsolamendu gutxi” ekarriko duela AEBen ekimenak.

UNRWAko Juliette Toumak azaldu du egunero gutxienez 500 kamioi behar direla Gazako biztanle zibilen beharrak asetzeko. Kopuru hori zen eguneroko batez bestekoa Israelen azken oldarraldia hasi aurretik, egun Gazan dagoen krisi humanitarioa ez zegoenean. Aurtengo otsailean 90 kamioi sartu dira Gazan batez beste, egun batzuetan zazpi besterik ez. Ordutik okerrera egin du jarioak, are gehiago sionistek Rafah eta Egipto lotzen dituen igarobidea itxi zutenetik. Ehunka kamioi daude zain Egiptoko aldean, Israelek ezarritako murrizketen ondorioz. Toumak Al Jazeeran adierazi zuen AEBek Israel presionatu behrko luketela Gazarako igarobideak zabaldu ditzan, behin-behineko portuak eraikitzen ibili ordez.

Ostiralean, maiatzaren 17an, hasi ziren laguntza humanitarioa zeramaten lehen kamioiak Gazako lurretara sartzen AEBek eraikitako portutik. Hamar kamioi sartu ziren, larunbatean hamasei. Eta NBEak ohartarazi du igandean eta astelehenean ez dela kamioi bat bera ere sartu. AEBek ez dute kamioi gehiagorik sartzen utzi, larunbateko hamasei kamioietatik bost besterik ez zirelako heldu NBEko biltegietara, Reuters agentziari NBEko iturriek esan diotenez: palestinar ugari bildu ziren kamioien sarrera puntuaren inguruan, eta bertatik hartu zituzten zuzenean laguntza humanitarioaren kutxak. Bestalde, Mint Press News hedabideak jakinarazi du ekipamendu militarra sartzeko baliatu dutela portua AEBek, berez laguntza humanitarioa garraiatzeko soilik izango zena. Zabaldu diren irudietan ibilgailu militarrak, aire-defentsa sistemak eta droneen aurkako sistemak ikus daitezke, MPNren esanetan.

Mint Press News hedabideak jakinarazi du ekipamendu militarra sartzeko baliatu dutela portua AEBek, berez laguntza humanitarioa garraiatzeko soilik izango zena

Gazako kostako baliabide naturalak

2019an NBEak jakinarazi zuen Gazako kostaldean gas natural eta petrolio hobi erraldoiak daudela. Kostatik 30 kilometro ingurura daude, ofizialki palestinarren urak diren zonaldean, eta 500 mila milioi dolar inguruko balioa dute, hainbat hedabideren arabera. Iturri ugarik susmoa zabaldu dute AEBen “behin-behineko portua” lehen pausoa izan daitekeela Gazako kostaldean base militarrak ezartzeko eta etorkizunean baliabide natural horiek ustiatzeko. Urriaren 7tik, Israelek hamabi baimen eman dizkie sei enpresa multinazionali, Mediterraneoko ur horietan esplorazioak egin ditzaten. Enpresa horien artean daude Erresuma Batuko BP, British Petroleum zena, eta Eni, energia enpresa italiarra. Israelek baimenak eman dituen arren, legez kanpokoa da agindua, bai Osloko hitzarmenaren zein Hagako araudiaren arabera.

Laguntza humanitarioa sartzeko portua AEBen “aurpegi zuriketa” dela salatu dute mundu mailako hainbat protestetan. Izan ere, Joe Bidenen gobernua da Israeli laguntza militar gehien eman diona azken hilabeteetan, eta bonba estatubatuarrek lagundu dute Gazako genozidioa. Azken astean mila milioi dolarreko laguntza militar berria bidaltzea onartu du Bidenek. Bonba zehatz batzuen bidalketa atzeratzen zutela lau haizeetara zabaldu ondoren, oraingo honetan tankeak, morteroak eta armaduradun ibilgailu taktikoak bidaliko dizkiete sionistei, Gazako sarraskian erabili ditzaten. Rafahn ez sartzeari buruz Bidenek jarri zituen lerro gorriek ez dute asko iraun.