argia.eus
INPRIMATU
Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta
  • “Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 26a

Netanyahu eta Likud bere alderdia Gaza iparraldea hustu eta setiatzeko plana aztertzen ari dira. Israelgo armadako komandante erretiratuek proposatu dute operazio militarra, eta Netanyahuk “zentzua duela” esan du, Kan Israelgo kate publikoak zabaldu duenez.

Plan horren arabera, astebetean zibilak lekualdatzera behartuko lituzkete eta “zonalde militar itxia” sortuko litzateke Netzarim korridoretik iparraldera, Zerrendaren ia erdia hartuko lukeen eremuan. Likud alderdiko Avichai Boaron parlamentariak The Guardian hedabideari azaldu dionez, “zibilak ebakuatu ostean, armadak ulertuko luke terroristak soilik daudela bertan”.

Giora Eiland Maior Jenerala da plana proposatu duten erreserbistetako bat. Bere hitzetan, zonalde militarra izendatzean “edozein pertsona da helburu militarra eta, garrantzitsuagoa dena, ez da hornidurarik sartuko”. Yahya Sinwar Hamaseko buru politiko berriari presio egiteko neurri gisa aurkeztu du Eilandek operazioa. “Sinwarri inporta zaizkiona lurra eta duintasuna dira, eta maniobra honekin biak kenduko dizkiegu”.

Times of Israel hedabidearen arabera, AEBek ez dute plana babesten. CNN kateak aipatutako agintari israeldar batek onartu du plana existitzen dela, baina “positiboki ikusteak ez duela esan nahi gauzatuko denik”. Zehaztu dute aztertzen ari diren planetako bat dela aipatutakoa.

Kaiola are gehiago txikitzen

NBEren arabera, 300.000 eta 500.000 palestinar artean bizi dira oraindik Gaza iparraldean, gehienak errefuxiatuak. Zaila da jakitea urtebeteko genozidioaren ondoren zenbatek jarraitzen duten hor, baina, alderaketa egiteko, 2017an 600.000 pertsona bizi ziren Gaza hirian soilik, eta beste hainbat hirigune daude iparraldean. Planak, orain arte jakin denaren arabera gutxienez, ez du kontuan hartzen zer gertatuko litzatekeen joan ezin duten zibilekin, edo ez joatea erabakitzen dutenekin.

Netanyahuk berak esan du Laguntza humanitarioaren banaketa kontrolpean izatea gako garrantzitsua dela “Gazan irabazteko”, eta erregimen militarra ezartzea beharrezkoa izan daitekeela “oraingoz, nahiz eta ez den helburua”.

Likun alderdiko Amit Haleviren ustez, Eilanden planak “norabide zuzena” erakusten du, Israelek Gazan izan beharko lukeen politiken inguruan. “Hamas garaitzeko lurra eta biztanleria kontrolpean izan behar ditugu”. Azaldu duenez, halako operazio bat da “bahituen akordioa lortzeko aukera bakarra”, Sinwarri presio gehiago egingo liokeelako. “Urteetarako janaria badauka, eta nazioarteko presioa Israelen gainean badago, zein arrazoi dauka akordioa sinatzeko?”

Garbiketa etnikorako plana, Youtuben

Eiland jeneralak bideo batean azaldu zuen bere plana iraila hasieran, orain gobernua eztabaidatzen ari den berbera. Bertan azaldu du, bere ustez, Sinwar ez dagoela presiopean, eta neurri honekin bahituak askatzera behartuko luketela. Zibilak kanporatuta 5.000 terrorista geratuko liratekeela aurreikusten du, eta “errenditu edo gosez hil” beste aukerarik ez luketela izango.

Okupatutako lurraldeetan dagoen biztanleria kanporatzea gerra krimena da nazioarteko legearen arabera. Eilandek, hori aurreikusteaz gain, lasai hitz egin du Israelek laguntza humanitarioaren kamioiekin izan duen politikaz. Aipatu du hasieran bi kamioi besterik ez zituztela sartzen uzten Gazan, eta azaroko su-eten akordioan 200 sartzen utzi zituztela egunero (NBEren arabera mila kamioi behar dira gutxienez egunero, krisi humanitarioa leuntzeko). Laguntza humanitarioa oztopatzea eta biztanleriari baliabideak ukatzea ere gerra krimena da, Israelek halakorik ordaindu ez badu ere.