argia.eus
INPRIMATU
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da
  • Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.

2024ko apirilaren 24a
Askatasunaren Ontzidiko hiru itsasontzietako bat. Argazkia: Edu Leon, El Salto.

Antolakuntzaren asteleheneko oharrean salatu zuten "hainbat herrialde" –Alemania, Erresuma Batua, AEB eta Israel aipatu dituzte beste bide batzuetatik– "presio" egiten ari zirela Turkiak ez dezan baimendu ontzidiaren irteera. Horrez gain, Pablo Elorduy kazetariak El Salto-n "portu-izapideak" ere aipatu ditu atzerapenaren balizko kausa gisa. Ibai Azparrenek Naiz-en jaso du astearte gauean antolakuntzak salatu duela portuko zuzendaritza "traba administratiboak" jartzen ari dela, eta beste portu batetik irteteko aukera mahai gainean dagoela, gehituz hala ere, "positiboki" baloraturiko aurrera pausu batzuk ere eman direla.

Momentuz, Istanbuleko portutik irteteko ideiak jarraitzen du aurrera. Elorduyk azaldu du laguntza humanitarioko 5.500 tona materialak garraituko dituen Anadolu merkataritza-ontzia Iskenduru portuan dagoela, Turkia Hegoaldean, baina asteazkenerako dutela aurreikusita Istanbulera heltzea. Askatasunaren Ontzidiko beste bi itsasontziak, Akdeniz eta Conscience –aktibistak, politikariak, edo kazetariak eramango dituztenak– Istanbuleko portuan daude.

Frustrazio arriskua

"Denak gaude frustratuta, prest gaude, baina badakigu gobernuei desafioa egiten ari garela", jaso ditu antolakuntzako ordezkari baten astearteko adierazpenak Elorduyk. "Guk ahalik eta lasterren itsasoratu nahi dugu. Aste honetan irtetea zen asmoa, baina gehiago atzeratzeko aukera ere badago, eta horrek arriskuan jarri dezake taldea bera. Adore kolektiboa kaltetu dezake, irteera galarazteraino", adierazi dute Istanbuletik ARGIAra bidali duten azken kronikan ontzidiko euskal aktibistek. Asteazkenean bertan bilera gehiago izaten ari dira, eta horietan irteerari buruzko informazio zehatzagoa jasotzeko esperantza dutela adierazi dute.