argia.eus
INPRIMATU
Gay eta lesbianek ezkondu ahalko dute 2022ko uztailetik aurrera Suitzan
  • Bikote horiek aukera izango dute seme-alabak adoptatzeko eta ugalketa lagundua erabiltzeko. Irailean erabaki zuten erreferendum bidez sexu berekoen ezkontzak legeztatzea.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 18a
Europako zenbait estatutan ez da legezkoa genero berekoen ezkontza. / Argazkia: @OrgulloLGBT

Asteazken honetan iragarri du Suitzako Gobernuak sexu bereko pertsonek datorren urteko uztailetik aurrera ezkondu ahalko dutela. 2007az geroztik bikote gisa erregistratzeko aukera zuten, baina ez ezkontzekoa. Irailean herritarren gehiengoak erreferendum bidez erabaki zuen ezkontza legeztatzea. Jakinarazi dute nahi duenak eskaera uztaila baino lehenago egin dezakeela.

Halaber, gay eta lesbianen bikoteek elkarrekin adoptatu ahalko dituzte seme-alabak. 2018 urtetik bikoteko batek bestearen haurra adoptatu zezakeen, baina ez biek batera. Emakumeen kasuan, ugalketa lagunduaren teknika erabiltzeko aukera izango dute.

Europako egoera

Euskal Herrian legezkoa da gaur egun, Hego Euskal Herrian 2005 urtetik eta Ipar Euskal Herrian 2013 urteaz geroztik. Halere, Europako hainbat estatutan ez da legezkoa sexu berekoen arteko ezkontza: Italian, Grezian, Kroazian, Hongarian, Bulgarian, Errumanian, Polonian, Lituanian, Letonian, Estonian eta Txekian. Herbehereak izan ziren munduan legeztatzen lehenak, 2001 urtean.