argia.eus
INPRIMATU
Gay eta lesbianak “sendatzeko” terapiak debekatzeko lege proposamena onartu du Frantziako Kongresuak
  • “Terapia” horiek egiten dituztenek bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jaso ditzakete. Lege proposamena Senatuak onartu behar du orain.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 06a
Frantzian debekatu egingo dute gay eta lesbianak "sendatzeko" hipnosia, exorzismoa eta abstinentzia erabiltzea.

Frantzian gay eta lesbianak "sendatzeko" terapiak delitu izatetik gertuago daude: bart onartu zuten Kongresuan lege proposamena, aho batez. Arau horren arabera, zigortu egingo dira LGTB pertsonak "aldatzeko" erabiltzen diren "terapiak", besteak beste, hipnosia, exorzismoa, abstinentzia, hormona bidezko tratamenduak, eta behartutako ezkontza heterosexualak. Delitugileek bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 eurora arteko isuna ordaindu beharko dute; lege-haustea berriz eginez gero, hiru urteko kartzela zigorra eta 45.000 eurora arteko isuna izan dezakete. Orain, Senatuak onartu beharko du legea.

Gaur egun badaude beste bide batzuk "terapia" horiek salatzeko, hala nola medikuntzaren legez kanpoko erabilera, bazterketa, jazarpena eta bortxa leporatuta. Dena dela, uste dute beharrezkoa dela arau-hauste zehatz bat sortzea, egoera eta kasu bakoitza hobeto aztertu ahal izateko eta biktimei laguntza zabalagoa emateko.

Elisabeth Moreno Frantziako Berdintasun ministroak gogorarazi du legearen helburua "bizitzak salbatzea" dela: "Ez da ezer sendatu behar. Norbera izatea ez da delitua, ezin dugu saiatu pertsonen identitate edota orientazio sexuala aldatzen". Le Refuge homofobiaren biktimen artan espezializatutako erakundeak parlamentariei ohartarazi die gai horren inguruko hamar bat dei jasotzen dituztela hilabetean.