argia.eus
INPRIMATU
Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urtarrilaren 29a
Liburu digitala argazkiko hori da askorentzat oraindik; baina merkatutxo bat badago euskaraz.

Ia batera iritsi diren bi albistek erakusten dute kaleetako bat itsua dela. Gurebookek hil honetan bere jarduera etetea erabaki du. Bitartean, Susaren egitasmoa 1.000 liburu saltzera iritsiko da aurki. Bi urte hauen balantze bat egiten hasiz gero, kontu batzuk nahiko argi ikus daitezke beraz.

Merkatua badago. Merkatutxoa nahi bada, txikia, ez oso garrantzitsua paperekoaren aldean, baina merkatua. Susaren 1.000 liburu horien atzean 300 erosle desberdin baino gehiago daude; bada zerbait.

Arrazoizko prezioekin, sal daiteke. Fitxategi digital batengatik ez zaude prest ordaintzeko euskarri fisikoaren ekoizpen gastua daukan produktu batengatik bezainbeste. Baina inork ez du ez erosteko aitzakia gisa prezioa jarriko. Ez hiru eurori buruz hitz egiten ari bagara behintzat. Hamabi euro badira, kontua asko aldatzen da.

DRMa txarra da mundu guztiarentzat. Eroslearentzat, saltzailearentzat… Horren arrazoiak bikain esplikatu ditu Mikel Iturbek bere blogean. Bere ustez Gurebookek DRMrik erabili izan ez balu, agian egitasmo bideragarria izango zen oraindik.

Hiru argitaletxeek sortutako plataforma itxi da eta Elkarrek du orain azken hitza. Pentsatzen dut e-booken prezio politikan gutxienez zerbait birplanteatu beharko dutela. Egiten ez baldin badute, kaltetuak euren liburuak izango direlakoan nago; eta euskaraz digitalean irakurri nahi duten ehunka lagun horiek.

Oharra: Artikulu hau Gorka Bereziartuaren Boligrafo Gorria blogean argitaratutakoa da. Bertan kulturari buruzko idatzi gehiago topatuko dituzu.