argia.eus
INPRIMATU
Onintza Enbeita
“Eguneroko gauzak kantatu nahi ditut, modu gordinean”
  • "Bizitzari ez diot eskatzen askoz gehiago", halaxe agurtu zuen Onintza Enbeitak Elizondo, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalerdian eskainitakoa gutxi bailitzan. Saioaren biharamunean jarri dugu zita bertsolariarekin.

Eli Pagola 2022ko urriaren 24a
Onintza Enbeita, Elizondon finalaurrekoetako saioa bukatu berritan. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Nola bizi izan zenuen Elizondoko saioa? Publikoarekin zer nolako harremana izan duzu?

Kanturako sekulako plaza zegoen, publikoa gurekin zegoen, nabari zen  hasierako agurren aurretik eta saioan zehar ikusi zen gutxirekin erraz pizteko modukoa zegoela. Plaza ederra zegoen, beraz, Elizondon.

Hortik aurrerakoak norbere sentsaioak dira eta parean tokatu ez izanaren sentsazioa dut.

Pertsona aski publikoa zara, horrek zer eragin du?

Batzuetan deserosoa da jendeak nire berri izatea. Esaterako, jartzen badidate gai bat politikari buruzkoa jendea barrez lehertzen da, edo nire bizitzan defenditu dudan zerbaiten kontra kantatzea egokitu zaidanetan publikoari grazia egiten dio, gai serioa bada ere. Tarteka nire alde baliatu dezaket hori, beste batzuetan kantukideak atera dezakeen gaia da eta beste batzuetan oztopo ere egin izan dit.

Hala ere, oro har, jendeak maitasuna eta esker ona transmititu izan dizkit eta hori oso ederra da.

Geroz eta barneratuagoa dugu gorputzetik ere kantatzen dela. Zu oholtzan malgu ikusten zaitugu, ez zara batere zurruna eta, gainera, gorputzari loturiko gaiak landu dituzu bai lehen fasean, bai lehen finalerdian. Zer da bilatzen duzuna?

Batzuetan ezer ez. Hori da nik egiten dakidana, besterik gabe. Bizitzan gauza asko gertatu zaizkit dudan gorputza izateagatik eta horri ezin diot eta ez diot ihes egin nahi. Asko baldintzatu nau, gorputz batekin agertzen gara plazara eta bizipen horiek nire parte dira.

Funtsean, esango nuke, eguneroko gauzak kontatzen ditudala modu gordinean. Ez naiz metafora artean askorik ibiltzen, zuzenagoa naizelakoan nago eta horrela kantatu nahi dut. Gorputza hor jarri eta errealitate horretatik kantatzea da egin nahi dudana, jakinik, niretik kantatzea ez dela nire bizitzaz kantzatzea.

Esango nuke, nire asmoa dela publikoarekin konektatzea eta denon bizitzetan dauden errealitateak plazara ekartzea, zeren, agian zu umetan ez zeunden lodi, baina, denok ezagutu dugu eskolako bulling-a edo denok dugu inguruan sexu arrazoiengatik harremana utzi duenik.

Hasierako agurrean kantatu zenuen: "begi kliska batean/ ia semifinala/ uste dut azkarregi/ iritsi zaidala". Ze unetan harrapatu zaitu txapelketak?

Despistatuta harrapatu nau. Bi saioak 15 eguneko epean izan ditut, finalerdiei begira jartzeko asti handirik ez dut izan. Hala ere, horrek abantailak ere baditu eta ez dut uste nire puntuazioan eraginik izan duenik.

Nire bizitzaren zentroa beste nonbait dago eta txapelketa iritsi den zerbait besterik ez da.

Ze ahozapore utzi dizu BTN-k biharamunean?

Ahozapore ona eta Elizondon kantatu izanaren poza uzten dizkit. Era berean, distira faltaren pena daramat. Biharamunean, berriz, tenple onarekin nago, lasai geratu naiz.