argia.eus
INPRIMATU
Hemendik aurrera Vilaweb agerkari digitala paperean ere izango da egunero
  • Paperean irakurtzeko pentsatua dago, baina ez da ohi bezala inprimatu eta zabalduko. Egunero 14:00etan jaso ahal izango du agerkariko harpidedunak berak nahi duen helbide elektronikoan. Sakontasuna eta informazio kalitatea eskaini nahi ditu, agerkariko arduradunen esanetan.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko ekainaren 29a
Vilaweb papereko lehen zenbakia atera da gaur.

Papera bai, baina era berezian bideratuko da produktu berria: PDF formatuan egingo da, A4ko tamainan eta irakurle bakoitzak erabakiko du bere etxeko inprimagailuan zer inprimatu eta zer ez. Helbide elektronikoz jaso nahi ez duena Vilaweben webgunetik ere sartu ahal izango da egunkarira. Inprimatzeko pentsatua dago, baina aldi berean PDF guztia interaktiboa izango da eta bideo sekzioa ere izango du.

Jaso nahi duenak Vilaweben harpideduna izan beharko du, eta ostiraletan irakurle guztiek jaso ahal izango dute astebururako bereziki egingo den argitalpena. Larunbatean ez da egunkaririk izango.

Ohikoan 12-16 bat orrialde izango ditu, baina lehen zenbaki honek 42 ditu, duela 25 urte independentismo katalanaren aurkako izandako sarekaren erreportaje zabala dakarrelako. Egun hartan 45 pertsona atxilotu zituzten Terra Lliure erakunde armatuko kide izatea leporatuta eta horietako askok torturak salatu zituzten. Baltasar Garzon epaileak agindu zuen operazioa.

Vilaweb 1995ean sortu zen eta Kataluniako agerkari digital zaharrena eta irakurrienetakoa da.