argia.eus
INPRIMATU
Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean
  • Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 08a
Argazkia: Argia Fototeka - Dani Blanco.

1.010 egun eta gero, Espainiako Ministroen Kontseiluak asteartean aldatu du maskararen nahitaezko erabilera arautzen duen dekretua. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu da musukoa ez dela derrigorrezkoa izango garraio publikoan.

Ortopedietan, optiketan eta entzumen-zentroetan ere ez da beharrezkoa izango. Bai, ordea, erietxeetan, farmazietan eta osasunarekin lotura duten beste zentro eta establezimendu batzuetan.

Carolina Darias Espainiako Gobernuko osasun ministroak, "normaltasunera" itzultzeko planifikatutako bide-orriari eustea ezinbestekoa dela esan du. Ministroa COVID19-aren "beheranzko joera garbian" oinarritu da, eta 60 urtetik gorakoen intzidentzia metatua aipatu du. Intzidentzia hori da dagoeneko kontabilizatzen den bakarra. Are gehiago, koronabirusa duten pazienteen ospitale-okupazioa %1,6koa dela gehitu du. Datu horiei erreparatuz, debekua kentzeko pausua eman dute.