argia.eus
INPRIMATU
Elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkak aztertuko ditu ‘Elikadura21’ biltzarrak Gasteizen
  • Susan George, Mixel Berhokoirigoin eta beste hizlari hautatuz osatutako elkarrizketarekin gaur arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera Gasteizen 'Elikadura21: Elikaduraren Etorkizuna Eta Nekazaritzaren Erronkak XXI Menderako' biltzarrari, Hagako ISS Institute for Social Studies instituluak sustatzen dituen nazioarteko jardunaldien baitan, EHNE Bizkaia sindikatuarekin eta Etxalde mugimenduarekin elkarlanean. Mundu osoko aditu, unibertsitateko ikerlari eta herri mugimenduetako militanteak bilduko dira bi egun eta erdiko jardunaldiotan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 24a
Elikadura burujabetzaren inguruan artikulatzen dira nekazarien eta herietako jendeen borroketako asko. (Argazkia: Global Justice)

Arratsaldeko 19:00etatik aurrera hasierako elkarrizketa orokorraren protagonistak izango dira honako pertsonalitateok: Mixel Berhokoirigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), Susan George (Transnational Institute), Raj Patel (Texaxeko Unibertsitatea), Annette Desmarais (Manitobako Unibertsitatea), Unai Aranguren (EHNE Bizkaia eta Vía Campesina), Harriet Friedmann (Torontoko Elikadura Politikarako Kontseilua) eta Teodor Shanin (Manchesterreko Univertsitatea). Mahai inguruaren koordinazioa Paul Nicholson eta Sofia Monsalveren ardura izanen da.

Arratsaldean bertan, aurretik, Critical Agrarian Studies sarearen euskal adarra aurkeztuko dute. Sare honek biltzen ditu beren hitzetan 'mundu mailan nekazaritza fronteak dauzkan gai beroenetan ari diren akademiko, aditu eta ekintzaileak".

Astearte goizeko elkarrizketa nagusiaren gaia izanen da "Kapitalismoa, klasea: kapital, ondasun eta jendearen fluxuak nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan" eta arratsaldekoa "Ondasun komunetarako irispidea, haien kontrola eta erabilera". Tartean, mundu osoko adituek beren komunikazioak aurkeztuko dituzten atelier sorta.

Nekazariek Gasteizko egunak kokatzen dituzte Vía Campesina nekazari mugimenduak 2017. urtean Derion (Bizkaia) uztailean burutu behar duen Nazioarteko VII.Konferentziarantzako agendaren barruan.