Grebarako deia egin dute gaur Turkiako bi sindikatuk Gobernuaren eta poliziaren jarrera bortitza salatzeko. Medikuen, arkitektoen eta ingeniarien profesionalen elkargoek ere bat egin dute deialdiarekin.
Igandean milaka jarraitzaile bildu zituen Erdogan Lehen Ministroak Istanbulen emandako mitinean, poliziak Gezi eta Taksim plaza indarrez hustu eta ordu gutxira. “Parkea hustaraztea da nire betebeharra. Europan diote protestetan askatasuna eskatzen dutela. Zein askatasun? Askatasunak legeen barruan egon behar luke”.
Polizia ere babestu zuen Erdoganek, AKP alderdia gobernuan denetik hauen indarkeria mugatu eta komisaldegietan atxilotuek tratu txarrak jasotzeari utzi diotela argudiatuz.
Bart gauean 500 lagun atxilotu ditu poliziak, Ankara eta Istanbulen gau osoa iraun duten liskarretan. Bi aste baino gehiago igaro dira gobernuak Istanbulgo Gezi parkean eraiki nahi zuen merkatalgunearen harira protestak hasi zirenetik. 4 protestari hil ditu poliziak. Lehen Ministroak parkera itzultzen saiatzen den edozein “terroristatzat” joko dutela adierazi du.