Urtarrilaren 28rako deitu zuen Idle No More mugimenduak mundu mailako ekintza eguna. Hau da, gaurko. Beren webgunean irakur daiteke munduko hainbat hiritan protestak deituta daudela. Gehienak Kanadan bertan dira, 30etik gora. Ikusi egin beharko da zenbateko eragina izatea lortzen duten, eta hemendik aurrera mugimendua nola planteatzen jarraitzen duten.
Beren webgunean eskegitako oharrean adierazi dute Kanadako indigenek abiatutako mugimendu honen helburua kontzientziazioaren bitartez herri indigenak biziberritzea dela. Jatorrizko herrien burujabetza eta ingurumenarekiko babesa dira beren kezka iturri nagusiak. Theresa Spencek amaitu du gose greba, baina mugimenduak bere aldarrikapenei eusten die.
"Demokraziari, indigenen burujabetzari, giza eskubideei eta ingurumenaren babesari egindako erasoen aurkako protesta baketsua antolatu dugu urtarrilaren 28an. Kanadako legebiltzarkideak egun horretan itzuliko dira. Behetik jaiotako mugimendua da eta inongo erakunde politikok ez du hitz egiten Idle No More-en izenean. Herritik sortutako mugimendua da eta herriarentzat".
Protesta hauekin Kanadako gobernu kontserbadoreak lurra, ura eta indigenen subiranotasunarekin zerikusia duten hainbat legetan atzera egitea nahi dute.
Oharra: Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogean argitaratutakoa idatzia da.
Idle No More mugimenduaz informazio gehiago:
Kanadako indigenen mugimendua (eta haserrea) zabaltzen ari da: 'Idle No More'. Taupadak blogean artikulua.
#idlenomore Kanadako indigena haserretuek aldarri. Pello Zubiriaren erreportajea.