argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea uztailaren 1ean jarriko da indarrean
  • Martxoaren 13an PPren aldeko bozkekin Senatuan gertatu bezala, Herritarren segurtasunerako lege proiektua onartu dute ostegunean Espainiako Kongresuan. Uztailaren 1ean indarrean sartuko da.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 26a
Argazkia: Carlos Delgado

Horren aurrean mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herrian. 11:30ean PPk Bilbon duen egoitzaren aurrean kontzentrazioa deitu dute. Ordubete beranduago, 12:30ean Leioako campuseko Mikel Laboa plazan Mozal Legearen aurkako kontzentrazioa deitu du Leioako ikasle mugimenduak. Martxoak 25, 19:30ean Iruñeko autobus geltoki zaharretik gazte manifestazioa deitu dute Iruñerriko gazteek. Larunbatean manifestazioa eginen dute Bilbon eta 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik.

Espainiar Estatu mailan ere mobilizazioak deitu dituzte Herritarren segurtasunerako legearen onarpenaren aurka. No Somos Delito mugimenduak twitterren #26MStopMordazas traola erabiltzeko deia egin du. Era berean Alacanteko No Somos Delitok borroka eguna deitu du  eta 19:00etan manifestazioa eginen dute. Ostiralean, martxoak 27, No Somos Delito mugimenduak Espainiako Kongresuan lege berria gaitzesteko ekitaldia antolatu du.

Protesta mota ugari zigortu nahi ditu Espainiako Gobernuak lege honen bitartez. Oposizio guztia aurka izanda eta Nazio Batuen Erakundeak otsail amaieran Mozal Legea eta kode penalaren erreforma erretiratzeko eskatu badie ere, PPren bozkekin legea onartuko dute Espainiako Kongresuan. 

Informazio gehiago:

Mezularia zigortu nahi du Espainiako Gobernuak

Euskal Herriko 400 kazetarik manifestua sinatu dute Iraitz Salegirekin elkartasunez eta Mozal Legearen aurka

“Mozal legea” bertan behera uzteko eskatu dute NBEko ordezkariek

Herritarren Segurtasunerako Legearen laburpena, iruditan