Iraileko lehen egunarekin hasiko dute ikasturtea Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasle guztiek. Abuztuaren 26an bidali zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak protokoloa ikastetxeetara: 11 urtetik gorako ikasleek eta irakasleek maskara erabili beharko dute eta eskuak maiz garbitu, baita ikasgelak eta mahaiak egunero desinfektatu ere. Oraindik ez dute argi ikasle batek positibo emanez gero, klaseak eteteari buruz zein neurri hartuko diren.
Distantzia soziala mantentzeko protokoloa, ikasgelen egituraren araberakoa izango da, Iparraldeko Hitzak azaldu duenez. Adibidez, Baionako Etxepare lizeoan bazkaltzeko denbora luzatuko dute, jantokian jende pilaketak saihesteko.
Baina ikastetxeetako zuzendariek hutsune handi bat ikusten dute orain arte Hezkuntza Ministeriotik jasotako jarraibideetan: ez dakitela zein neurri hartu beharko dituzten ikasle batek positibo eman eta hamalau egunerako etxeratua baldin bada. "Gela bat itxi beharko da, edo ikastetxe osoa?" galdetu du Franc Hialé irakasleen Unsa sindikatuko idazkariak, Mediabask hedabideak jaso duenez. Gauza bat jakina da: positibo eman duen ikaslearekin harremana duten gainerakoei proba egingo diete.
Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakariak iragarri du hamar maskara banatuko dizkietela kolegioko ikasle bakoitzari. Iparraldeko Hitzak jaso ditu bere adierazpenak: "Badakit horrelako neurriek zer gastu eta arazo sortzen ahal dituzten familietan".
Aurten, Seaskak ikasturte berriari begira behar zituen hamabost irakasle lanpostu gehigarriak izatea lortu du. Urtero borrokatu behar izaten du ikasleen gorakadari egokitzeko beharrezko lanpostuak lortzeko. Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak Gara-n adierazi duenez: "Aski fite trinkatu dira negoziazioak. Nire ustez osasun krisiak lagundu gaitu, ez zuten beste krisirik nahi". Baina Jorajuriak nabarmendu duenez, osasun krisiaren ondorioz klaseak banatu beharko balira, horretarako ez lukete behar beste baliabiderik.