argia.eus
INPRIMATU
Gaur hasiko da (H)ilbeltza Baztanen, hemen egitarua
  • Astelehen honetan hasiko da (H)ilbeltza Baztanen, Arizkurenen, Ernesto Praten Telleria eta gero zer? liburuaren inguruko solasarekin. Ondorengo lerroetan aste osoan izango den egitaraua.

Erran .eus @erran_eus 2018ko urtarrilaren 15
Iruñeko Karrikiri elkartean astea aurkeztu zuten eguna. (Arg.: Erran.eus) Iruñeko Karrikiri elkartean astea aurkeztu zuten eguna. (Arg.: Erran.eus)

Euskal Nobela Beltzaren Astearen lehen egunean, ilbeltzaren 15ean, Idazleekin solasean ekimena izanen dute. Bertan, liburu bat aukeratu eta idazlea gonbidatzen dute merendu goxo baten bueltan liburuaz solastera.  Aurtengoan Ernesto Praten Telleria eta gero, zer? liburua aukeratu dute. «Ernesto taldekidea dugu, nobela beltza idatzi du eta, gainera, Baztanen kokatu du kontakizuna. Beraz, ezinezkoa zen ez aukeratzea. Nobelako protagonista Baztan bukolikoaren irudia hankaz gora jartzera heldu zaigu», aipatu zuten, Arizkunen, medikuaren etxeko liburutegi beltzean, arratsaldeko 7:30ean dute hitzordua. 

Ilbeltzaren 17an, asteazkenean,berriz ere «euskal nobela beltzen klasiko bat izanen dugu gure artean». Iaz,  50 urte bete ziren Gauaz ibiltzen dananobela argitaratu zela, eta horixe izan da aitzakia Txomin Peillen gonbidatzeko. Bere kontuak partekatzeko, Jose Angel Irigarai poeta eta euskaltzaina hurbilduko da. Zer esana izango dute, dudarik gabe, garaikide diren bi idazle historiko hauek. Hitzordua Amaiurko Gaztelu elkartean arratsaldeko 7etan. (H)ilbeltzako kideek aipatu zutenez, «Peillenekin elkarlanean aritu garen honetan, Zaldi beltzak zeruan ipuin liburua argitaratu dugu Maiatz eta Pamiela argitaletxeekin (H)ilbeltzarako espreski. Bertan Gauaz ibiltzen danaren puska bat ageri da, idazleak berak hautatua, eta bortz ipuin beltz. Horietako bakarra aitzinetik argitaratua. Bertze lauak (H)ilbeltzarako».

Ilbeltzaren 19an, ortziralean Chinatown filma

Film aunitzen gidoiak liburuetan oinarritu direlako, zinemagintza literaturarekin lotuta dagoela erran dezakegu. Hor ditugu  Horace Mc Coy, Raymond Chandler edo James M. Cain idazle klasikoen liburuak, bertze aunitzen artean, pelikulen inspirazio edo beraiek gidoilari lanean. Lan  honen adibide bikainetakoa Chinatown fima dugu. 11 Oscarretarako izendatua izan zen, baina bakarra irabazi zuen, Robert Tawnek idatzitako gidoiarena, adituen esanetan iparrameriketako zinemagintzako hoberenetakoa. Filma Roman Polanskik 1974an errodatu zuen eta aurtengo (H)ilbeltzan ikusteko aukera izanen da, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, 19:00etan. Arrasateko Unibertsitateko irakaslea den Nerea Arrutik aurkeztua, jatorrizko bertsioan, euskarazko azpitituluekin.

 Ilbeltzaren 20ean, larunbatean, egun osoko egitaraua

Goizean, urtero bezala, mahai-ingurua. Beltzaren estereotipoak literaturatik ikus-entzunezkoetara, horixe aurtengo mahai-inguruaren gaia. Izenburuak berak adierazten du, azalpen gehiagoren beharrik gabe, zeren inguruan hitz eginen duten gonbidatuek: «Aspalditik izan dugu gai honekiko kezka, nobela beltzetan estereotipo oso markatuak ageri direlako, eta zer esanik ez zinema beltzean. Nortzuk izan dira, adibidez, protagonista nagusiak? Generoaren trataera nolakoa izan da?». Arantxa Iturbe kazetariak gidatuko du ekitaldia. Iratxe Fresneda, Euskal Herriko Unibertsitatekoko irakaslea, eta Irati Jimenez idazlea izanen dira hizlariak, eta genero ikuspuntutik aztertuko dituzte trama beltz ezberdinak. Goizeko 11:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Ondoren, Erratzura joanen dira bazkaltzera. Sarrerak lortu nahi badituzue, aski duzue ilbeltzabaztanen.gmail.com helbidera idatzi eta adieraztea. Eta kafea hartu ondoren, liburu aurkezpenak eginen dituzte. Klasikoez gain, euskal nobela beltz berrien erakusleiho gisa, iaz argitaratutako hiru nobelen aurkezpenak izanen dituzte. Jon Arretxeren Arrutiren banda, Pierre Mestroten Bihotz ebatsiak eta John Anduezaren Danba!. Ez dituzte, hala ere, nobelak bakarrik izanen.  Antzezlan baten gidoiaz ere arituko zaigu Galder Perez kazetaria. Morbus operandi, kazetaritzari buruzko komedia politiko beltza idatzi du eta kazetaritza gidatzen duten ezkutuko botereei buruz hitz eginen du.

Ilunabarrean, Susmagarrien Gaua. Eguna tertulia literario eta liburu artean igaro ondoren, elkar hobeto ezagutu eta jolasean aritzeko parada izanen da. Aurreko urteetan egin dugun bezala, aurten ere sorpresa txiki bat prestatu dugu, ongi pasa eta hartu emanetan aritzeko.

Ilbeltzaren 21ean, igandegoizean, kontakizun antzeztu bat ikusteko aukera izanen da. Eszenatokia: mendia. «Gure irudimenean esistitzen diren Baztango bazter eder eta bakarti horiek, ezin ahaztuko genituen ba! Mendiko botak jantzi, paseatzera atera eta trama beltz baten berri emango digun kontalariarekin batera, antzerkia ikusteko aukera izango dugu ibilbidean zehar», aipatu zuten aurkezpenean. Anizen, goizeko 11etan izanen da hiltzordua. Akitzeko, arratsaldeko 7etan, HAMA(H)IRU ATE ikuskizuna. 1985. urtean, kartzelan zeudela, Mitxel Sarasketak eta Joseba Sarrionandiak HAMAIRU ATE izeneko bilduma kaleratu zuten itzulitako testuekin. Bilduman, umore beltzaren erakusle diren zenbait idazleren testuak ageri dira.

Emanaldian, modu batean edo bertzean, bi egileen presentzia izanen dute, eta Iñigo Beltzunegi musikariaren laguntzaz, testuen irakurraldia eginen dute (H)ILBELTZAko kideek: «Hamahiru egile daude. Guk, ate bakarrean bilduko ditugun  hamaika leituko ditugu». Hitzordua, erran bezala igandean, arratsaldeko 7etan Iruritako Jauregiarte taberna kulturalean.

 Webgunea eta beka

Baino ez pentsa (H)ilbeltza aste hau bakarrik denik. Bada urtean zehar gaiarekin jarraitzeko modu bat  webgune bat ere badutelako, ilbeltza.eus izenekoa. Bere xedea  euskarazko genero beltza  bultzatzea da eta  atal desberdinetan banatuta dago: liburu aipamenak, elkarrizketak, zinema beltza,…eta gehiago.

Joan den urtean sortu zuten Hilbeltza beka ere aipatu zuten aurkezpenean: «Beka hau Hilbeltza, Baztango Udala eta Txalapartaren eskutik dator eta horren bidez urte batean nobela beltz baten sormena lagunduko du eta bertze batez itzulpena. Lehendabiziko bekaren irabazlea Miel Angel Elustondo izan da eta emaitza 2019ko Eusal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dugu».

Albistea Erran.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta