argia.eus
INPRIMATU
Gaur hasiko da EHZ festibala
  • Gaur, ostiralez, hasiko da EHZ Festibala Lekornen, arratsaldeko 17:00etan. Laguntzaile bolondresen lanean oinarritutako festibalak 19. edizioa du. Hiru egunez kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak, hitzaldiak eta beste hainbat ekitaldi izango dira.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 27a
SKA-P, Shantel, Gatibu, Cabaret Freaks, Esne Beltza, Zea Mays, The Legendary Tigerman, The Excitements, Kashbad eta The Lookers taldeek joko dute besteren artean Lekornen.

Jasangarritasunaren eredu

Barnealdea dinamizatzeko eta jendea musikaren inguruan batzeko xedez jaio zen EHZ, hainbat baloreren bueltan: antikapitalista, ezkertiarra, feminista… “eta batez ere, oso ezberdin egiten gaituena: logorik gabeko festibala izatea, inongo jantzi edo edari markak babestu gabe. Enpresa edo marka pribatu batek jaialdia finantzatzen duenean, publizitatea du helburu, eta interesa galtzen duenean, finantzaketa mozten du. Gure proiektua berriz, herritarrek egiten dute, eta herritarrek festibala hartzen eta beren beharrei erantzuteko erabiltzen duten heinean, gure biziraupena ez da interes pribatuen menpe egongo, interes kolektiboen zerbitzura baizik”, azaldu du Eneko Etxegarai elkarteko lehendakariak, ARGIAko kazetari Mikel Garciak jai herrikoien bueltan plazaratutako erreportajean.

Duela hiruzpalau urtetik, beste balore bat indartzeko ere ahalegin handia egin du EHZk: jasangarritasuna. Hogeitik gora komun idor eraiki dituzte adibidez, eta birziklapena eta hondakinen gestioa primeran dute antolatua. Halaber, bertako ekoizleen janaria banatzen dute jaialdian, kalitate onekoa eta herritar guztien diru-poltsei egokitua.

Horrez gain, aurten, jai herrikoien aldeko beste hainbat kolektiborekin elkarlanean, bi txosna mugikor eraiki dituzte, Euskal Herriko ekitaldi batetik bestera eraman daitezkeenak. Festibaleko zurgin batek egin ditu planoak, eta auzolanean burutu dute dena.

Zuzenean streaming bidez

Euskal Hedabideek eta EHZko irrati-telebistak zuzeneko emankizunak prestatu dituzte astebururako. Hau da programazioa:

Ostirala

17:00 - 18:00: Euskal Irratiek eginen duten emankizuna telebistara egokitua.

16:30 - 18:00: Festibaleko gogoeta gunean eginen den konferentzia zuzenean.

20:00 - 20:30: EHZko kideek eginiko magazina.

Larunbata

14:00 - 16:00: Festibaleko gogoeta gunean eginen den konferentzia zuzenean.

20:00 - 20:30: EHZko kideek eginiko magazina

21:00 - 22: 00 : Kanaldude eta Euskal hedabideen emankizuna.

Igandea

11:30 - 13:00: Euskal Irratiek eginen duten emankizuna telebistara egokitua.

14:00 - 16:00: Festibaleko gogoeta gunean eginen den konferentzia zuzenean.

20:00 - 20:30: EHZko kideek eginiko magazina.