Ostiralean hasi da aurten Lekornen egingo den Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala. Igandean amaituko den jaialdian 30 kontzertu baino gehiago eskainiko dira.
Jaialdia Garro gazteluaren aurrealdeko zelaidian egingo da. Besteak beste Fermin Muguruza eta Kontrakantxa, Archive, Keny Arkana, Les Ogres de Barback, Iheskide, Belako eta Anestesia taldeek beteko dituzte Lekarneko eszenatokiak. Kontzertuez gain, dantza eta antzerki emanaldiak, tailerrak, haurrentzako jolasak eta bertso saioak egingo dira. Egitarau osoa eta bertara iristeko jarraibideak bildu dituzte festibalaren webgunean.
Urte hauetan guztietan boluntarioen laguntzari esker egin du aurrera jaialdiak, eta antolatzaileek leku berezia eman nahi izan diote auzolanari. Hala, Xerrenda gunean gaiari buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak egingo dira. Euskal Herri osoko kolektiboek euren esperientzien berri emango dute Lekornen.
Willis Drummond taldeak eta Fermin Muguruzak egin dute –Herri sorta– EHZren 18. edizioko kanta. Kanaldude herri telebistak eta Topatu.info egitasmoak festibalaren jarraipen berezia egingo dute.