Epaiketak dituen mugak eta gutxiagora ez doan terrore politiko egoeraren aurrean nazioarteko axolagabekeria salatzen ari dira Hondurasen aldeko plataformako kideak.
2016ko martxoaren 3an hil zuten Berta Caceres ekintzaile indigena, ekologista eta feminista La Esperanzako (Honduras) bere etxean. Hilketan, ondoan zuen Gustavo Castro ekintzaile ekologista mexikarra ere zauritu zuten. Bi urte eta erdi pasa diren honetan, printzipioz hilabete inguruko iraupena izango duen epaiketari hasiera eman diote irailaren 17ko astelehenean.
COPINHek (Honduraseko Erakunde Herritar eta Indigenen Hiri-Kontseiluak) salatu duenez, auzipetuta dauden zortzi norbanakoak hilketaren autore materialak dira, Caceres hiltzeko eginkizuna aurrera eraman zutenak. Baina azpimarratzen dutenaren arabera, autore intelektualak, Caceres hiltzeko plana egituratu zutenak alegia, ez dira ageri auzipetuen artean. Horrek hilketaren izaera politikoa ikusgaitz bilakatzen duela kritikatu dute.
“Derrigorrez onartu beharreko gutxienekoaz aparte, epaimahaiak ez du ezer onartu”, adierazi dio Caceresen adiskide izandako Luis Díaz-Teránek El Saltori. Susmagarria den DESA enpresako jabeak galdekatzea onartzen ez duen epaiketa izanik, hasieratik hanka motz ekin dion prozesu baten aurrean gaudela azaltzen du Díaz-Teránek. “Asko jota sikarioa eta besteren bat zigortzea” lortuko dutela dio. Baina sikarioak, COPINHeko kideek azpimarratu bezala, ez dira hilketaren autore intelektualak.
Elkarrizketan jasotzen denez, DESA enpresa Caceresen heriotzaren atzean dagoela ondorioztatzeko hainbat aztarna daude. Berta Caceres hil baino hilabete batzuk lehenago, 2015eko abenduan, bi sikario La Esperanzara bidean kokatutako polizia kontrol batean gelditu zituzten. Bietako bat kartzelatik irten berria zen, DESA enpresak fidantza ordainduta. Poliziak armak aurkitu zituen hauen autoan, eta komisaldegira eraman zituzten. DESAko abokatuak agertu ziren hauen defentsa gisa, eta fidantza ordaintzearekin batera, arma eta guzti, aske utzi zituzten sikarioak. Poliziako kideren batek helarazi zien gertakariaren gaineko informazioa COPINHeko kideei, eta sikarioek egindako adierazpenen arabera “kontseiluko kideak hiltzeko aginduarekin” DESAk kontratatu zituela jakinarazi.
Díaz-Teránek azaltzen duenez, Energia Garapenaren eremuko DESA enpresaren atzean Atala Zablah familia dago. Erdialdeko Amerikako hainbat banketxe, enpresa eraikitzaile eta meategiren jabe dira honen kideak, eta Hondurasen dauden bost familiek dena kontrolatzen dute. “Izugarrizko botere ekonomikoa daukan jendea”, Díaz-Teránen hitzetan. 2009ko estatu-kolpearen ostean Honduraseko lurren %45aren kontzesioa egin zuten, ia guztia baliabide naturalak dituzten eremu indigenak. Batez ere baliabide naturalen ustiapenera bideratutako enpresen baitako “botere ekonomikodun taldeek antolatutako kontua” izan zela azaltzen du Díaz-Teránek, eta gaineratu familia hauek betidanik “bala bidez funtzionatu” dutela.
Berta Caceresen borrokan jo puntuan zegoen presaren eraikuntza lanen kargu da DESA enpresa.