argia.eus
INPRIMATU
Hamaika urte, Jon Anza desagerrarazi zutela
  • 2009ko apirilaren 18an ikusia izan zen azken aldikotz Anza ETAko militantea Baionan. Orduz geroztik ez da sekulan argitu desagerpena, ikerketa hesteko erabakia harturik Frantziako Justiziak. Anza "gerla zikinaren biktima" izan dela deitoratzen du familiak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a

2009ko apirilaren 18az geroztik desagertuta dago Jon Anza ETAko militantea eta orduz geroztik ez da haren inolako arrastorik agertu. Egun horretan Baionan trena hartu zuen goizeko 7etan, Okzitaniako Tolosara joateko. Hor galdu zen bere arrastoa. Handik egun batzuetara, ETAk iragarri zuen Anza bere militantea zela eta Tolosan hitzordua zuela berarekin, honek zeraman diru kopurua jasotzeko. Aldi berean, jakinarazi zuen Anzak igarria zuela polizia bere atzetik zuela. Ezaguna da, halaber, donostiarrak gaixotasun larria zuela. Hamar hilabete geroago agertu zen Anzaren gorpua Tolosako ospitaleko gorputegian. Tartean, 2009ko apirilaren 29an aurkitua zuten gizonezko bat konorterik gabe Tolosako parke batean eta maiatzaren 11n hil zen hiriko ospitalean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak baieztatu zuen Anza zela parkean azaldurikoa.

Hamaika urtez Anzaren desagerpena ez da sekulan argiturik izan. Frantziako agintariek eta Justiziak ETAko militantearen desagertzea eta heriotza argitu nahi ez dutela salatu izan du familiak behin baino gehiagotan. Hain zuzen, 2012ko urrian Myriam Viargues epaileak ikerketa itxi zuen, Anza modu naturalean hil zela eta desagertua egon zen denboran zer gertatu zitzaion jakitea ezinezkoa zela argudiatuz –fiskaltzak ere postura bera hartu zuen–.

Gerra zikinaren biktima

Haren familiak garbi dauka: “gerra zikina”-ren biktima izan zen Anza. 2015ean Parisko epaitegiak ebatzi zuen Frantziako Gobernuak ez zuela ardurarik izan Anzaren auziko irregulartasunetan. Familiak, ordea, eusten dio bere aldarrikapenari: desagerpenean eskuak sartuta ukanki, "Frantziako Estatuak aitortu beharko luke bere erantzukizuna". Iaz egin zion elkarrizketa Berria-k Anzaren iloba Garbiñe Alkizari.

Anzak 21 urte pasatu zituen preso eta 2005ean Ahetzera jo zuen bizitzera, Hego Euskal Herrian bere burua jazarria ikusten zuelako.