argia.eus
INPRIMATU
Gaur emango diote azken agurra Laja trikitilariari Azkoitian
  • Iñaki Garmendia 'Laja' herriko trikitilari ezaguna hil zen herenegun, eta gaur arratsaldean emango diote azken agurra. Haren aldeko hileta elizkizuna izango da gaur, astelehena, Azkoitiko parrokian, 19:00etan. Trikitiaren baitan batzen diren hainbat lagunek trikiti doinuekin lagunduta agurtuko dute Laja maisua; beilatokitik elizara soinu eta panderoak eskuetan hartuta joango dira. Ondoren, eliza barruan fandangoa joko dute, eta irteeran kalejira batekin emango diote betirako agurra Lajari.

Azkoitiko Maxixatzen @maxixatzen 2019ko urtarrilaren 14a
IƱaki Garmendia 'Laja' trikitilaria. (Argazkia: Maxixatzen)

Iñaki Garmendia 'Laja' (Azkoitia, 1944-2019) trikitilaria larunbatean –12– hil zen. Aurreko igandean ondoezik sentitu zen Aristerrazun (Aia, Gipuzkoa), eta, astebete ospitalean eman ondoren, larunbatean eman zuen azken arnasa.

Laja baserrian jaio zen eta oso umetatik hasi zen soinua jotzen. Ramon Zubizarreta "Landakanda" pandero jotzaile herrikidearekin batera Laja eta Landakanda trikitilari bikote ospetsua osatu zuten urte askoan. Euskal Herriko trikitixaren munduan arrastoa utzi du.

2017ko ekainean 'Laja'-ri omenaldi beroa egin zioten Aristerrazun egin zen denboraldiko azken erromerian. Antolatzaileek hainbat urtetan zehar 'Laja'-k egindako ibilbideari aitortza egitea erabaki zuten. Horrez gain, erreferentziazko trikitilaria izan da Azkoitian, eta horren adibide Andramaixetako txupinazoa bota zuen 'Landakanda'-rekin batera 2016an. 'Laja'-k herritarrak dantzan jartzen gau eta egunak eman ditu.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an kaleratu zuen 'Laja', trikitixaren zubia liburua. Liburua "Laja"-ren biografia da, eta Joxemari Iriondok idatzi zuen.

Albiste hau Maxixatzen-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.