Euskararen kaleko erabilera behera doa; hori adierazten dute datuek. Nola izan daiteke hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeko inoiz baino baliabide eta ahalegin gehiago egiten diren garaian erabilerak behera egitea? Horri buruz gehiago jakiteko, Egizuk eta Azebarrik antolatu duten Euskal(e)gintza hitzaldietara gonbidatutako hizkuntzaren aditu bigaz elkartu gara.
Azkenaldian asko entzuten ari da euskararen kaleko erabilerak atzera egin duela, eta gazteek gero eta gutxiago egiten dutela euskaraz. Ados zaudete baieztapen horregaz?
PAUL BILBAO: Ni ez nago horrekin ados. Askotan ikusten dugu jende euskaldunak euskara erabiltzen ez duela, baina nik uste dut halako esaldi potolo bat botatzen denean, lehenik eta behin, hausnartu egin beharra dagoela zergatik gertatzen ari den hori; hau da, zergatik jendeak ez du euskara erabiltzen? Hor ohartuko gara mito batzuk erori egingo zaizkigula. Horren inguruko artikulu bat irakurri dut, non zera aipatzen den: ezagutza erlatiboa eta erabilera. Gure testuingurura ekarrita, Algortara ekarrita, galdetzen badugu gazteek zergatik ez duten euskara erabiltzen, horri erantzuteko beraien hizkuntza-gaitasuna aztertu beharko genuke lehendabizi. Azkenean, gazte ia guztiak elebidunak dira, gutxienez, baina jakin beharko genuke zein hizkuntzatan dauden erosoago, zein hizkuntzatan daukaten baliabide gehiago eta zeinetan duten komunikazio-gaitasun handiagoa, hain zuzen ere. Elebidunak garenok hizkuntza hautu bat egiten dugu; hainbat baldintza dituen aukeraketa bat egiten dugu. Orduan, hizkuntzaren ezagutza egokia ez bada, alegia, nik ez badaukat gaitasun errealik gazteek beraien jergarekin kontatzen dituzten gauza horiek euskaraz adierazteko, baina, aldiz, gaztelaniaz bai, bietako zeinetara joko dut? Gaztelaniara, ez baldin badut halako kontzientzia euskaltzale bat behintzat.
BEÑAT GARAIO: Euskararen aldeko militantzia asko aldatu dela kontutan hartu behar da, zentzu batean murriztu egin dela esango nuke. Gainera, hezkuntzan ez da gaurkotze bat eman egoera berrietara egokitzeko, ez metodologia aldetik ezta planteamendu aldetik ere. Bestalde, profilak aldatu egin dira, eta gero eta gehiago dira etxean gaztelaniaz egiten duten edo euskara erabiltzen ez duten familiak. Bestalde, gero eta kontsumo handiagoa egiten dute bai gaztelaniaz baita ingelesez ere; izan ere, sare sozialen hazkundearekin euskara baztertuta geratu da. Lehen denok Dragoi Bola edo Shin-chan ikusten genituen bezala, orain gazteen artean inork gutxik kontsumitzen du euskaraz, eta horrek ere ezinbesteko eragina dauka euskararen erabileran.
Zein esango zenukete dela arazo horren jatorria?
B.G.: Ez dakit mundu guztia nirekin ados egongo den, baina nik esango nuke euskararen aldeko militantziak, familiek, irakasleek… euskararen alorrean dagoen edozeinek egiten duena geroz eta murritzagoa dela. Ez dago lehen zegoen eferbeszentzia hori. Historikoki, lehen ikasleak oso konprometituta zeuden euskara ikasteko, eta euskaltegietan ikusten zen konpromiso hori. Gaur egun, euskararen gaia, bai politikoki baita sozialki ere, pixka bat baztertuta geratu da, edo behintzat lehentasunen sailkapen birtual horretan beherago joan dela esango nuke; beste motibazio edo arazo batzuk tartean. Gaur egun, euskara ez dago erdigunean.
P.B.: Azkenaldian atera diren datuek hori erakusten dute; alegia, ezagutza ez dala pentsatzen genuena bezain ona, eta ezagutza onik ez baduzu, zuk beste hizkuntza batean egingo duzu berba, erosoen duzuna, ez baldin baduzu inolako testuinguru identitariorik, behintzat. Txilardegik berak matematikoki frogatu zuen bezala, euskalduna, oro har, euskarari atxikitzen zaio. Badaude euskara dakiten pertsonak eta erabiltzen ez dutenak, baina ez da orokortua. Halakoetan beti esaten dut esaldi kategorikoak alde batera utz ditzagula, eta benetan zer ari den gertatzen ikus dezagun. Eta arazoa da hezkuntza-gaitasunekin problema bat daukagula, eta arazoa dugula ez ditugulako behar beste espazio euskaraz lasai aritzeko.
Askok errua bota diote Hezkuntzari, eta esan dute D ereduak porrot egin duela. Hala dela uste duzue?
P.B.: Egiturazko arazo bat daukagu Hezkuntzan, hori hala da. Egia da Hezkuntzak hainbat hiztun berri ekarri dituela euskal komunitatera; horretan ez dago inongo zalantzarik. Baina egia da azken urteetan alarma gorriak pizten ari direla, bai D ereduan baita B ereduan ere. Uste dut kontziente izan behar garela euskara hizkuntza gutxitua dela, eta horrek isla izan behar du garatzen diren hezkuntza-proiektuetan; guk ezin dugu pentsatu Algorta batean erabiltzen den hezkuntza-eredua Valladoliden erabiltzen denaren berdina izango dela, gurean hizkuntza gutxitu bat dagoelako. Orduan, horrekin kontsekuenteak izan behar gara, eta ematen diogun tratamendua zeharkakoa izan behar da. Horretaz gain, pentsatzen dut nolabaiteko sentsazioa daukagula normaltasunera heldu garela ere.
B.G.: D ereduaren helburuetako bat zen euskara biziberritzea, eta, horretarako, ikasleek euskara-gaitasun egokia lortu behar zuten. Ebaluazio-diagnostikoek adierazi dute hori ez dela lortu eta, beraz, argi dago zerbaitek huts egin duela. Bestalde, eskoletako euskararen erabilera ere gero eta baxuagoa da, D ereduan ere eta, horregatik, argi dago hainbat alor gaurkotu egin behar direla: metodologia, irakasleen formakuntza, irakasle eta gurasoen hizkuntza-jarrerak... Agian apur bat polemikoa izan daiteke, baina eskolaren segregazioaren gaiak ere eragina dauka. Azken finean, etorkinak edo maila ekonomiko baxuko ikasleak ikasgela batean isolatuta geratzen baldin badira, aukera gutxiago izango dute euskaraz hitz egiteko, eta horrek ezinbestez beraien hizkuntza-gaitasunetan eragina izango du. Hezkuntza-mailan dagoen gatazkak ere eragina dauka euskaran, baina gai arantzatsua da, eta konponbidea ikustea ez da erraza. Uste dut aurrean ditugun konponbide guztiak hartu beharko genituzkeela, denak koktel berdinean sartu eta enbido handira bota. Gainera, uste dut garaia dela horretarako, bestela, indarrak xahutzen egongo gara, eta denbora aurrera doa. Beraz, uste dut momentu oso garrantzitsua dela horrelako zerbait egiteko, anbizioz eta gogoz.
Beraz, uste duzue gehiegi lasaitu garela; iraganean geneukan hizkuntzarekiko ardura hori apur bat galdu egin dugula?
P.B.: Badirudi hemen erantzukizuna euskaldunona dela beti, eta ni apur bat nekatuta nago baieztapen horrekin: une oro euskararen egoeraren erantzukizuna euskaldunaren bizkarrean jartzearekin, hain zuzen ere. Ni saiatzen naiz euskaraz bizitzen eta hori erabiltzen, baina askotan ez didate uzten. Gertatzen dena da gure herrian oraindik erdaldun elebakar asko dagoela, eta horiek euskara erabiltzeko mugak jartzen dizkidate. Adibidez, askotan gertatzen da kuadrilla batean erdaldun bat edo euskaraz hain ondo ez dakien norbait badago, gaztelaniara jotzen dugula. Horregatik, uste dut atzetik hausnarketa bat egin beharko genukeela. Bestalde, gaitasunaren kontua sartzen da tartean, baina horri erreparatzeko hezkuntza-sistemari begiratu behar diogu, eta aztertu ea nola eragin diezaiokegun.
B.G.: Bai, eta, gainera, inposizioaren diskurtsoak ere bere eragina du. D eredua oraindik ez dago guztiz zabalduta, eta, horretan ikasi arren, ikasle askok eta askok euskara ez dute ondo menderatzen; eta, ondo menderatzen ez badute, nekez hitz egingo dute; eta nekez hitz egiten badute, ez dute menderatuko. Zentzu horretan, ditugun helburu eta tresna gutxiak ikusita, esango nuke gure deposituak fuga bat daukala, eta hortik gasolina edo energia piloa ari garela galtzen. Datozen urteetara begira, gazteen ezagutza izan daiteke gure pizgarria edo gure bultzada, baina gazteei garrantzia gehiegi eman gabe, ez dezagun ahaztu neurri-bateria horiek ondo mantentzearen ardura helduena eta agintariena dela. Egia da kezkak hor daudela, baina esan beharra dago gauza asko lortzen ari direla, eta badaude motiboak pozik eta itxaropentsu egoteko. Askotan, arazoei buruz hitz egiten dugu, baina, nire ustez, zer ospatu eta zer txalotu ere badaukagu.
Non uste duzue egon daitekeela egoera horri buelta emateko gakoa?
P.B.: Alde batetik, zereginen artean daukagu hizkuntza-gaitasunetan eragitea. Alde horretatik, azkenaldian, hezkuntza-politikaren lege berriaren ahotsak entzuten ari gara. Nik uste dut behingoz ikaste-eredu orokortua ezarri beharko litzatekeela, ikasle guztien euskara-gaitasun egokia bermatuko duena. Argi dago abiatzeko sistema D eredua dela, baina hori ez da nahikoa. Esan nahi dudana da eredu hori indartu eta ratioak ere jaitsi beharko liratekeela. Gero, beste alde batetik, euskara erabiltzeko espazioak ere behar ditugu. Horien bitartez, lasaitasun osoz euskaraz berba egiteko aukera izango dugu, inolako estres linguistikorik gabe. Baina, horretaz gain, bestelako espazioak ere sortu beharko dira, batez ere aisialdian. Ni seguru nago herritar batek euskara-gaitasun egokia badauka, eta euskara normaltasunez erabiltzeko aukerak badauzka, pertsona horrek euskara erabiliko duela. Orduan, nik uste dut gakoak hor daudela.
B.G.: Hezkuntza- eta euskara-eragileen kasuan, aldarrikapenak hor egon dira, eta egia da ematen duela azken urteetan erakundeek ez dutela mugimendu handirik egin ikusitako egoeraren larritasunaren harira. Baina, politikarien azken kontaktu eta adierazpenak ikusita, badirudi badagoela ardura eta gogoa hori iraultzeko, eta Hezkuntza Sailean ere jende berria sartu da, kargudun berriak daude, eta badago asmoa hurrengo urteetan erronka horri erantzuteko. Adibidez, horren inguruan izan ditugun albisteen arabera, EH Bilduk eta EAJk akordio bat lortu dute D eredua birmoldatzeko. Ikusi beharko da zertan geratzen den, baina badirudi zerbait aldatzen ari dela, eta euskararen eta D ereduaren onerako bada, ezin hobeto. Baikorra naiz ikusten dudalako gauza batzuk aldatzen ari direla, eta jendea arduratuta egoteaz gain, martxan dagoela, saretzen ari dela, botoi ezberdinak ukitzen eta inguruko jendea aktibatzen ari dela. Hori itxaropentsua dela iruditzen zait. Gainera, euskararen biziberritzearen alde lanean egotea eta ezkorra izatea ez da kontraesana, baina Kike Amunarrizek esaten zuen bezala: "Prezio berean, nahiago dut itxaropentsua izatea".