argia.eus
INPRIMATU
Gaur ebatziko du Europako Auzitegiak Iñigo Gonzalezen tortura salaketez
  • Duela hamar urte, Ekineko kide izatea egotzita, sei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Grande-Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazioaren ostean haietako bostek torturak salatu zituzten. Horietako bi kideren salaketak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak aintzat hartu zituen eta Espainia zigortu zuen, tortura hauek ez ikertzeagatik. Gaur erabakiko du Estrasburgok Iñigo Gonzalezek jarritako tortura salaketen inguruan.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 19a

Guardia Zibilak sei pertsona hauek atxilotu zituen Nafarroan, garai hartan Auzitegi Nazionaleko epaile zen Fernando Grande-Marlaskaren aginduz: Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi eta Gorka Mayo. Haietako bostek torturak salatu zituzten (Gorka Mayo izan zen torturarik salatu ez zuen bakarra) eta Arratibelen eta Beortegiren salaketak Estrasburgoraino heldu ziren, eta Giza Eskubideen Auzitegiak tortura salaketei sinesgarritasuna aitortu eta Espainia zigortu zuen, salaketak ez ikertzeagatik. Tortura kasu hauek gogoratuko ditu irakurleak, besteak beste, Arratibelek bere deklarazioa sinatzean "Aztnugal" idatzi zuelako, laguntza eske.

Iñigo Gonzalezek salatu zuen kolpeak, poltsa bezalako metodoak eta bortxaketa simulazioak jasan zituela. Urtarrilaren 19an espero da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kasu honen gainean ebaztea.

"Aztnugal": Epaiketan pisua izan zuen tortura salaketa

Joxerra Senar kazetariak Berria egunkarian atxiloketa haien testuingurua kontatu du, baita tortura salaketak Estrasburgoko auzitegira iritsi izanak epaiketan izan zuen eragina ere: "Alde batetik, ez zuten gerarazi auzi judiziala, baina neurri batean baldintzatu zuen. Tortura bidez hartutako adierazpen haietan oinarritu zuen akusazioa Jose Perals fiskalak, baina 2016ko apirilean epaiketa egin zenerako, Estrasburgok lehen kolpea emana zion Auzitegi Nazionalari, Jon Patxi Arratibelen salaketa ez ikertzea egotzita. Epaiketan, fiskalak azkenean akordioa hitzartu zuen bost auzipetuekin, eta ez ziren sartu espetxean". Auzipetuta ez egon arren, Beortegiri arrazoi eman zion Estrasburgok 2016ko azaroan.