argia.eus
INPRIMATU
Gaur dira ikasgelara itzultzera deituak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleak
  • Ekainaren 22an itzuli behar dute, ofizialki, ikasle guztiek geletara. Baina errealitatean ez da horrela izango, irakasle zaurgarrienek debekatua baitute lanera itzultzea eta ikastetxeek horren arabera antolatu beharko dutelako beren egunerokoa. Frantziako Gobernuak iragarri du uztailaren 11n emango duela bukatutzat larrialdi egoera.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 22a
Beste ikasturte batekoa da irudi hau. Argazkia: Hik Hasi.

Ikasleak geletara itzultzeko eguna jarria dagoen arren, praktikan ikastetxe gehienei ezinezko egingo zaie ikasle denak denbora osoz eskolan edukitzea. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Berriari emandako datuaren arabera, ikastoletako irakasleen %20 zaurgarriak dira eta horretara egokitu beharko dute itzulera.

Zinemak eta opor lekuak zabalik

Ekainaren 22tik aurrera beste hainbat esparrutan ere malgutuko dira baldintzak: zinemak, opor lekuak eta kasinoak zabalduko dituzte eta talde kirolak egin ahalko dira, baina kontaktu kirolak ez.

Uztailaren 11n etengo du larrialdi egoera Frantziako Gobernuak eta hortik aurrera kontzertu aretoak, kirol estadioak eta gainerakoak zabalduko dituzte, gehienez 5.000 kideko aforoarekin. Irailera arte ezingo dira jende gehiagoko ekitaldiak egin, ezta dantzalekuak zabaldu ere.