argia.eus
INPRIMATU
Asteartean aztertuko du epaileak Baionako auzapezak etxegabeen aurka harturiko erabakia ezeztatzeko eskaera
  • Karrika Gurea Da deitu kolektiboak Auzitegi Administribora jo du, Jean-Rene Etxegarai auzapezak irailaren 28an harturiko erabakia ezeztatzeko helburuarekin. Azken egunetan, Baionako herritar prekarioenekin dabiltzan hainbat egiturek dituzte lan edota bizi baldintza txarrak deitoratzen: etorkinekin dabilen Diakite zein Point Accueil Jour deitu eguneko harrera gunea.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko abenduaren 15a
Etxegabeen kontrako erabakiaren aurka irailean egindako protesta

Paueko Administrazio Auzitegian dago Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak etxegabeen aurka harturiko erabakia. Hain zuzen, abenduaren 15 honetan aztertuko dute erabaki hau ezeztatzeko eskaera. Karrika Gurea Da deitu kolektiboak jo du auzitegira, bestelako mobilizazioen gisara, erabaki hau ezeztatzeko helburuarekin.

Kolektiboak argi du: "Askatasunen kontra doan neurri bidegabe eta diskriminatzailea da erabaki hau". Harturiko neurrien bidez, debekatua dute Baiona Handiko, Baiona Ttipiko eta Santa Izpirituko espazioetan goizeko 08:00etatik gauerdira arte kaleen "gehiegizko okupazioa", "eserita edo etzanda egotea", bi txakur baino gehiago elkartzea edota zenbait tramankulu kalean jartzea –hala nola janaria prestatzeko tramankuluak edo txakurren jateko ontziak–.

Karrika Gurea Da kolektiboak deiturik, herriko etxeko plaza behin baino gehiagotan okupatu zuten erabaki honen aurka egiteko. Herriko Kontseiluaren bileran hitza hartzea ere eskatu zuten baina horrelakorik ez zien onartu Etxegaraik. Haatik, buruz-buru egindako hitzordua proposatu zien baina honetan ez zuten adostasunik lortu, erabakia ez zuela kenduko argi utzi zuelako auzapezak.

Prekarizatuenak zailtasunetan Baionan

Azken egunetan biderkatu dira Baionako herriko etxeari buruzko kritikak herritar prekarioenekin dabiltzan egituren partetik. Hasteko, Point Accueil Jour (PAJ) deitu eguneko harrera gunea ixtea erabaki dute laguntzaileek, egoitzaren "egoera mespretxagarri eta eskandalagarria" salatzeko. Abenduaren 8an eman zuten erabaki horren berri eta Herriko Etxeak berehala jakinarazi zien beste egoitza bat ukango dutela. Egunero 80 eta 100 lagun artean laguntzen ditu PAJ egiturak.

Bestalde, Diakite elkartekoek ere alde egin dute egun batzuetako harrera gunea eskaintzen dien Pausa gunetik. Horren berri eman zuten abenduaren 12an eta salaketaren arabera, zentroa diruztatzen duten Baionako Herriko Etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoak "jarrera autoritarioa" dute eta hori eman dute egitura uzteko arrazoi gisa. Hori horrela, osasun zerbitzuaz arduratzen den taldeak lokalean zuen osasun materiala atera du –erabaki hau Munduko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundearekin lan egitea ukatzeak eragin du–. Elkarteak argi utzi du ez dela hori izan arrazoi bakarra: eskatutako hainbat eskaera ukatu zaizkie. Adibidez, zentroan bazkariak emateko prefabrikatuak jartzeko eskaera onartu ez izana –boluntarioek beren etxeetan kozinatu behar izaten dute–.