argia.eus
INPRIMATU
Gaur 19:00etan ekingo diote erraustegiaren kontrako gose grebari Donostian
  • "Erraustegiaren gezur handiaren aurka" aste beteko gose greban sartuko da gaur arratsaldean herritar talde txiki bat Donostiako Easo plazan, ekainaren 21a arte protestari eusteko asmoarekin. Ordu luzeak aprobetxatzeko antolatu dituzten ekintzetako lehena ere ordu berean izango da, 19:00etan: Jose Luis Paulin medikua (OEIT elkarteko kide ezaguna) plaza librean mintzatuko da Errausketa eta Osasunaz.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 14a

Ondorengo egunetarako hitzaldi eta ekitaldi gehiago iragarri dituzte grebalariek eta haien sostenguan ari diren Errausketaren Aurkako Mugimendukoek. Horrela, larunbat eguerdirako (12:00) iragarri dute "Erraustegiaren Aurkako Giza Katea" Easo plazatik hasita Gipuzkoa plazaraino, Foru Aldundiaren atariraino.

Astebeteko baraualdi luzean sartuko diren herritarrok gainerako gipuzkoarrak gonbidatu dituzte Easo plazara, bereziki lehen egunean hasierarekin batera, baina baita ondorengo edozeinetan ere: “Herritarrei bertatik pasatzera dei egiten diegu. Konpromiso ezberdinak uztartzeko planteamendu bat egin nahi dugu. Bertara etortzetik, gose grebarekin bat egiteraino dagoen abaniko zabala aldarrikatu nahi dugu. Boteretik sustatzen ari diren eta garaiotan nabarmen bizi dugun desaktibazioaren aurrean, aktibazioa aldarrikatu eta balorean jarri nahi dugu”.

Grebalariek joan den larunbatean irakurri zuten deialdia hemen irakur daiteke osorik.