argia.eus
INPRIMATU
Gaueko trenak mantentzearen alde mobilizatuko dira Baionan abenduaren 2an
  • Berotegi Efektuko gas isurketen %30 garraio sektoreak eragiten du. Garraiobide horien artean trena da gutxien kutsatzen duena. Hala ere, Frantziako Estatuak tren zerbitzua murriztea eta beste garraio mota batzuk bultzatzea erabaki du.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 29a
(Arg: Enbata.info)

Hendaia eta Okzitaniako Tolosa batzen dituen trena, eta Hendaiatik Parisera doan gaueko trena zerbitzuz kanpo utzi nahi ditu Frantziako Estatuak.

Gaueko trenaren bidez denbora eta dirua aurrezten dela adierazi du Jérome Teillary Frantziar Trenbideen Elkarte Nazionaleko kideak, Enbata-n argitaratutako artikulu batean. Zerbitzu horren erabilpena murrizten saiatu izan da Frantziako Estatua. Bidaiaren iraupena luzatu zuen, eta asteburuetan besterik ez zuen eskaini. Hala ere, urteko %40 baino gehiagoko okupazio tasa dauka gaueko trenak, eta zenbait hilabetetan %80koa.

Tren horiek zerbitzurik gabe uzteak beste garraio mota batzuk erabiltzea eragingo du Teillaryren esanetan. Errepideetako garraioak askoz gehiago kutsatzen du, eta kostu handiagoak ditu. Beraren ustez, ingurumen arazoetarako eta etorkizunerako prest egon beharko luke Frantziako Gobernua.  

Gaueko trenen alde egiteko mobilizazio astea antolatu dute azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean. Euskal Herriari dagokionez, elkarretaratzea egingo dute abenduaren 2an 17:00etan Baionako geltokian.