argia.eus
INPRIMATU
Apo pikart europarra
Gaueko kantari bakartia
  • Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da. Kantu bakarti eta oso berezi bat: apo pikart europar arra emeak erakarri nahian ari da.

Iñaki Sanz-Azkue 2025eko otsailaren 24a
Iñaki Sanz Azkue

Negu amaieran edo udaberriaren hastapenean hasi ohi da apo pikart europarraren ugal garaia, baina eurien eta putzuen egoerara ondo moldatzen den espeziea da. Gaueko baldintzak egokiak direnean joango dira arrak putzuetara eta une hori izango da anfibio hau ikusteko momenturik egokiena. Izan ere, nahiko espezie lurtarra da eta egunean zehar babesguneetan gordeta egon ohi da. Ezaugarri horiekin, beraz, ez da espezie ikusterraza. Hori gutxi ez eta, bere tamainak eta koloreak ere ez dute lagunduko. Helduek 4,5 cm baino ez dituzte hartuko eta nabar-gris kolorekoak izan ohi dira, gorputz osoan banatzen diren pikart eta orban berde biziekin. Gaua, kolorea eta tamaina, hirurak batuta, beraz, apo pikart europarra ezkutuan ibili ohi da, bere bizitokian: eremu lehorretako nekazal eremuetan edo gune mediterraneoko sastrakadietan.

Bere kantuak, ordea… bere kantuak jarriko du agerian apoa. Berezia baita. Ezberdina, beste kantuekiko. Karraska errepikakor, ahul, mantso eta grabea dela diote liburuek. Horrela esanda, ordea, zaila da buruan kantuaren soinua jartzen. Horregatik, beste batzuek bi kaniken arteko talka baten modukoa dela diote. Bi kanika, behin eta berriz eta abiadura azkarrean, elkarren kontra jotzen ariko balira bezala. Kontuak kontu, kantuak kantu, behin entzunda ez zaizue berehalakoan ahaztuko apo pikart europarraren kantua.

Arestian esan bezala, eremu mediterraneoko hainbat habitatetan topatuko dugun animalia da. Horregatik, Euskal Herrian Araba eta Nafarroa hegoaldean baino ez da topatzen. Ebro bailara inguruan populazio politak dituen espeziea da, nahiz eta populazio horiek ez diren dentsitate handikoak izaten. Europan eremu zabala hartzen du: Iberiar penintsulan, Frantzian eta Italia ipar-ekialdean, kareharrizko eta igeltsuzko lurzoruko eremuetan, batez ere.

Ornogabe txikiak jan ohi dituzte helduek batez ere, eta badirudi koleopteroak direla gustukoen dituztenak, nahiz eta ikerketa gutxi egin den horri buruz eta oraindik ere informazioa falta den. Zapaburuak direnean, beste espezie askok bezala, esekiduran dagoen material begetala jaten dute. Zapaburu horiek putzuan dagoen landare artean jartzen dituzten arrautzetatik ateratakoak dira.
Espeziearen mehatxu handienetako bat bere bizilekuaren suntsiketa da. Putzuak eta bere inguruak kontserbazio egoera onean mantentzea ezinbestekoa da, baita urmaelen arteko lotura habitat egokien bidez ziurtatzea ere, korridore ekologikoen bidez.

Euskal Herriak duen ekosistema dibertsitatearen barruan, apo pikart europarrak askotan ahaztu edo gutxiesten dugun eremu lehorrean du bere bizilekua. Sastrakadi mediterraneoari eta inguruko putzuei kasu gehiago egin beharko diegu, etorkizunean gaueko kaniken talka soinua entzuten jarraitu nahi badugu…

APO PIKART EUROPARRA Pelodytes punctatus

TALDEA: Ornoduna / Anfibioa.
NEURRIA: 4,5 cm.
NON BIZI DA? Eremu mediterraneoan, batez ere.
ZER JATEN DU? Ornodun txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.