argia.eus
INPRIMATU
Gaueko Hendaia-Paris trena berriz abiaraziko ote dute 2021ean?
  • Ia bi ziento jende bildu ziren asteartean, urriak 6, Baionako geltokiaren atarian Frantziako Gobernuari eskatzeko berriz ezar dezala duela gutxi arte gauero Hendaia eta Paris lotzen zituen Palombe Bleue (Uso Urdina) gaueko tren zerbitzua. Irailean Garraio ministroak iragarri zuen 2022ean egongo zela berriz abian, baina azken berriek soilik berretsi dute Tarberaino helduko dela zerbitzua.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 09a
Bidai luzeetarako gaueko tren zerbitzua defenditzeko hainbat herritar bildu zen urriaren 6an Baionako geltokian. (Argazkia: France Bleue PB)

Hamarkada luzez milaka euskaldunek erabili izan du Hendaia eta Paris gauero lotzen zituen Palombe Bleue trena, gaueko 10:00etan abiatu eta goizeko 07:00ak inguruan iristen zena, biharamunean edo handik egun gutxitara ordu berdintsuetan alderantzizko bidaia egiteko. Abantaila handia zuen gaueko tren horrek –baita denborarekin bestelako garraiobideak ugaritu zirenean ere– herritarrarentzako erakargarri egiten zuena: loaldia trenean egiteak baimentzen zuen hoteleko egonaldi bat aurreztea eta, horretaz gain, Pariseko egonaldia goizean oso goiz hasita probestea. Aukera hori galdu zuten euskaldunek 2007an SNCF konpainiak eten zuenean gaueko tren zerbitzua, Frantziako (eta Espainiako) beste hainbat antzeko eten dituzten bezala.

Espainian ez bezala, ordea, herritarrak asko mobilizatu dira Frantzian beren gaueko trenak defenditzeko, ez onartuz ekonomikoki eta batik bat sozialki hain onuragarria den zerbitzu publiko bat suntsitzea. Mugimenduok sarritan salatu dute agintari politikoek lobby handien presioz betiko trenak sakrifikatu dituztela errepideak bete dituzten autobusen eta, batik bat, inbertsio publiko guztiak eta gehiago behar dituzten Abiadura Handiko Trenbide berrien aldarean. Badira ikerketak erakutsi dutenak gaueko trenentzako badirela bezeroak eta lehiakorrak izan daitezkeela, aspaldi egin gabe lagatako berritze-lanetarako inbertsioak egitekotan.

Koronabirusa dela eta Europak abian jarri dituen inbertsio handien artean, garraiabide iraunkorrago baten aldeko atalean tren hau berpiztea aipatu zuen irailean Frantziako Garraio ministro Jean-Baptiste Djebbarik:

 

Baina hilabete pasa eta, oraingoz, Paristik Bordelen barrena jaistenzen trenetik agintariek soilik berretsi dute Tarbera iristen zen adarra berrezarriko dutela 2021aren amaierarakoko 2rako eta Hendaiaraino iristen zenarentzako eperik ez dute aipatu. Horretaz ari ziren Baionan astearteko elkarretaratzea deitu zuten CGT sindikatuko buruak ekitaldian esan zutenean: "Ez dugu konfiantzarik twitter bidezko politikan, gobernutik ez da iritsi zehaztapen handirik". Zehaztapenak eskatu zituzten trena den zerbitzu publikoaren ezagutza sakona duten CGTko tren-langileek; hauek izan dira hasieratik zerbitzu publikoari eusteaz gain hobetzearen alde gehien mobilizatu direnak.

Euskal Herria Bai koalizioko Iker Elizalde ere izan zen CGTk antolatutako aldarrikapen ekintzan, eta trenaren defentsan mintzatu zen: