argia.eus
INPRIMATU
Gaueko bizitza mugatuagoa eta kalean erretzea debekatuta Nafarroan
  • Nafarroako Gobernuak astelehenean onartu ditu neurri berriak foru dekretu bidez, eta asteartean jarriko dira indarrean, Espainiako Gobernuak agindutakoarekin bat eginez. Egoera “kezkagarriari” muga jarri nahi diola dio Gobernuak.

     

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 18a
Prentsaurrekoan azaldu dituzte neurri berriak.

Nafarroako Gobernuak COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaile berriak ezarri ditu foru dekretu bidez. Astelehenean ezohiko bilera egin du Gobernuak, eta bertan onartu ditu neurri berriak. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren unetik jarriko dira indarrean, asteartean.

Neurri berrien artean, esanguratsuenak bi dira. Batetik, gaueko aisialdia nabarmen murriztuko da. Diskotekak, gaueko taberna eta dantzalekuak itxi ditu gobernuak. Tabernek eta jatetxeek 01:00etan itxi beharko dute beranduenez, eta gau erditik aurrera ezin izango dute bezero edo kide berririk hartu. Elkarte gastronomikoak 01:00etan hutsik egon beharko dira, eta kalean edatea debekatuta dago. Bestetik, kalean erretzea debekatua geratzen da bi metroko tartea bermatu ezin den uneetan.

Foru dekretuak aurretik jada indarrean zeuden beste neurri batzuk ere jasotzen ditu. Besteak beste, hamar pertsona baino gehiagoko taldeak ekiditea, zahar etxeetan bisitak mugatzea eta egoiliarrei PCR probak egitea, baita agerraldi berrien aurrean neurri berezituak hartzea ere.

“Denbora irabazi”

Nafarroako Gobernuak agerraldia egin du astelehenean neurrien berri emateko. Osasun kontseilari Santos Indurainek azaldu du Espainiako Osasun Ministerioarekin eta gainontzeko erkidegoekin batera adostutako neurriak direla. Nafarroako egoeraz, helburua “denbora irabaztea” dela adierazi du. COVID-19aren hedapena “kezkagarria” dela dio Indurainek, baina udan “mugarri bat” jartzeko aukera dagoela.