Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gaueko beldurren inguruko zenbait gako eman ditu. Nabarmendu du guraso bakoitzak ikusi behar duela zer datorkion hobeto umeari.
Agintzari kooperatibako Eneko Mendiluze Plaza psikologoak gidatuta, haur txikiak dituzten gurasoak gaueko beldurren inguruan solastatzen aritu dira, hilaren 8an, Elizondon (Nafarroa). Saioaren helburua da gaueko beldurren inguruko kezkak argitu eta elkarrekin beldurrak lantzeko tresnak garatzea. Mendiluzek argi utzi du ez dagoela formula magikorik edo jarraitu beharreko urrats jakinik: “Horrelako erantzunak bilatzen dituztenak normalean frustratu egiten dira”.
Amesgaiztoak eta gaueko beldurrak desberdintzea izan ohi da gurasoen kezketako bat. Mendiluzek dionez, haur batek gaueko beldurrak dituenean, normalean hurrengo egunean ez ditu gogoratzen eta gehienetan lotan jarraitzen du, baina “sekulako” beldur adierazpena izaten du. Amesgaiztoen kasuan aldiz, “zailak” dira ordenatzeko eta integratzeko, kezka sortzen dute, gauaren erdian esna daitezke eta hurrengo egunean gogoratu ditzakete.
Zaila da identifikatzea zein faktorek eragiten duen bata edo bestea gertatzea. Mendiluzeren arabera, burua “misteriotsu xamarra” da, eta oraindik asko dago teorizatzeko ametsen zentzuaren inguruan: “Badakigu gure bizi esperientziak integratzeko buruak daukan bitartekari bat dela, eta nolabait, errealitatean gertatzen diren gorabeherak asimilatzeko modu bat”.
Gurasoek "inork baino hobeto" ezagutzen dute haurrek zein momentutan behar duten ondoan egotea edo distantzia hartzea
Gainera, beldurrak aztertzerako orduan garrantzitsua da kontuan hartzea urtez urte nola aldatzen diren beldurrak. Zero eta bi arteko urteko haurren kasuan, “oso fisikoak”, “oso emozionalak” eta “oso gorputzekoak” izaten dira: “Oso primitiboak gara. Gure amigdalak modu hiper-aktibatuan funtzionatzen du eta gure lobulu frontala oraindik ez da gai gure amigdalari lasaitzeko esateko”. Bi urtetatik lau urteetara, aldiz, sinbolismoa eraikitzen hasteko garaia izaten da. Orduan, beldurrek lotura handiagoa daukate munstroekin, soinuekin eta iluntasunarekin. Azkenik, lau urteetatik sei urteetara, beldurrek galerarekin eta heriotzarekin izaten dute zerikusia: “Ulermena eta hauskortasunaren kontzientzia sakonagoak dira”.
Haurren garapen prozesuaren baitan kokatzen den zerbait da, eta ez dute zertan kezkagarriak izan. Baina egunerokoan eragiten hasten direnean, hala nola loan, harremanetan, ikasketetan edota arretan, eta sintoma horiek denboran luzatzen direnean, arreta jarri behar da.
Hortaz, zer egin daiteke haurrek gaueko beldurrak dituztenean? “Formakuntza honen helburua da galdera horri talde bezala erantzutea. Nire rola ez da etorri eta esatea zer egin behar duzuen. Gurasotasunak ez du horrela funtzionatzen”, esan du Mendiluzek. Izan ere, momentuaren, familiaren eta haurraren arabera beharrak aldatu egiten dira: “Gurasoak indartzearen aldekoak gara eta zentzu horretan, beraien begirada aproposaren jarrera hauspotu nahi dugu. Ez ditugu gurekiko menpeko bihurtu nahi; beraien begirada egokia sustatu nahi dugu”.
Ziurtasun zirkulua
Norberak bere bidea aurkitu behar duen arren, eredu batetik abiatu ohi da Mendiluze: “Nik hazia landatzen dut, eta ostean, zuen ardura da etxean ureztatzea”. Horretarako ziurtasun zirkuluaren baitan lan egiten du. Helburua da espazio ziur bat sortzea umea esploratzen hasteko, eta sustorik hartzekotan aterpe ziur bat izateko. Horretarako, aztertu behar da zein momentutan eskatzen duen gurasoen eta bere arteko distantzia handitzea edo noiz gerturatzen den. Hau da, zein momentutan esaten duen bere kabuz egin nahi duela edo babesa nahi duela: “Gure txikiak laguntza eskatzen badigu gauean ezin dituelako beldurrak kudeatu, hor egon behar dugu. Bere barne orekarako gaitasuna ez bada guztiz garatu, hor egon beharko dugu. Adibidez, lotan dagoelarik, eskua ukitzearekin bakarrik lasaitu daiteke”. Gaineratu du, gurasoek “inork baino hobeto” ezagutzen dutela haurrek zein momentutan behar duten ondoan egotea edo distantzia hartzea.
Badira saihestu beharreko esaldiak, “beldurrik ez izan” eta “txotxolo zaude” modukoak
Haurren emozioak onartzea ere garrantzitsua dela dio: “Armairuan munstro bat dagoela esaten badu, eskua eman, eta elkarrekin armairura hurbildu gaitezke”. Badira ere saihestu beharreko esaldiak, “beldurrik ez izan” eta “txotxolo zaude” modukoak: “Ez ditugu batere egokiak ikusten”.
Horrez gain, jolasa eta irudimena erabiltzea ere lagungarria izan daitekeela uste du. Adibidez, munstroen kontrako esprai bat sortu, logelaren zaintzaile bat marraztu eta beste. Kontua da, norberak aurkitu behar duela zein estrategiak laguntzen dion gehien.