argia.eus
INPRIMATU
Gaueko aisialdirako Covid pasaportea ezartzea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua
  • Azken egunotako kutsaketen gorakada espazio itxietan egindako ospakizunetatik etorri da gehienbat. Horregatik, zuhurtzia eskatu du Osasun Kontseilariak, musukoaren erabilera derrigorrezkoa dela gogoratuz. Egoerak okerrera eginen balu, Covid pasaportea bezalako neurriak aplikatzeko aukera aztertzen ari dira departamentuan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko azaroaren 12a

Azken egunean 114 kutsaketa atzeman dira Nafarroa osoan egindako 2.317 PCR eta antigenoen testetan. 6 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte eta ZIUetan pertsona bat gehiago hartu, 7 dira une honetan larri diren gaixoak.

Datu hauek eskutan, Nafarroako Osasun Kontseilariak zuhurtzia eskatu die nafarrei, “Horrenbeste nahi genuen askatasuna eta normaltasunaz gozatzea ulergarria da, bainan orain tentuz ibiltzeko unea da, irabazi duguna ez galtzeko”, esan du Santos Indurain Osasun kontseilariak. Momentuz Nafarroako Gobernuak ez du aurreikusten atzerapausorik egunerokoa mugatzen dute arauetan, baina egoeraren arabera erabakiak hartuko direla azaldu du, inzidentzia eta kutsaketak baino, ospitaleratze kopurua irizpidetzat hartuz.

Zentzu horretan, Santos Indurainek azaldu du, “Eskenatoki guztiak baloratzen ari gara eta baita Covid pasaportea bezalako neurri kolektiboak”. Txertoa jaso dutenek zein gaixotasuna berriki pasa dutenek izanen dute agiri hori eta gaueko aisialdi guneetara, taberna zein dantzalekuetara sartzeko aukera emanen du. Hala ere, Indurainek azaldu duen moduan, “Nafarroan oraindik ere, neurri murriztaileak ekiditeko baldintzak baditugu eta hori guztion lana izanen da”.

Osasun Kontseilariak txertoa jartzera dei egin ditu oraindik ere txertoa jaso ez dute nafarrak: “Ekuazioa argia da, txertorik gabe eta musukorik gabe kutsatzeko eta ospitaleratua izateko aukerak biderkatzen dira” azaldu du Indurainek.