argia.eus
INPRIMATU
Berotegi industrialak
Gaubeako makroproiektua: tomateak urte osoan jatearen albo kalteak
  • 2019an izan zuten lehen aldiz Gaubean eraiki nahi duten makroberotegi proiektuaren berri bertako herritarrek eta Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak. Tomateak eredu intentsibo eta industrialean ekoizteko egitasmoa da Gaubeako Tuesta kontzejuko poligonoan egin nahi dutena. Oraindik lehen fasean daude, baimenak eskatzeko prozesuan, baina elkarte eta herritar ugari proiektuaren kontra antolatu da honezkero. Araban lehenagotik martxan zegoen Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimendua, esaterako, horretan ari da buru-belarri lanean. Arabako Batzar Nagusietan egon zen Jose Ramon Mauleon kidea urtarrilaren bukaeran haien arrazoiak aurkezten.

Garazi Zabaleta 2021eko otsailaren 04a

“Berotegi erraldoi hauetan tomatea urte osoan ekoiztea da asmoa: landarea zaku batean jartzen dute, eta bertan substantzia desberdinak gehitzen dituzte. Hidroponia bidez elikagaidun ura tantaka botatzen zaio”, azaldu du prozesua Mauleonek. Almerian ezagunak diren berotegien antzeko eredua da Gaubean eraiki nahi dutena, baina tamaina are handiagoan. “Hemen ez dugu horrelakorik ezagutzen, ezta estatu osoan ere. Gaur egungo makroberotegi modernoak Herbereetan erabiltzen dira, eta horietakoa da hemen egin nahi dutena: hamar metrotik gorako altuera dute eta kristal eta aluminioarekin eraikiak dira”.

Hispalus da proiektuaren atzean dagoen enpresa, nahiz eta honetarako Cultivos Araba izeneko enpresa jarri duten martxan jabeek. Eroski supermerkatuak tomatez hornitzen dituzte, eta haien arrazoi nagusietakoa da hobea dela “bertan” ekoitzitakoa saltzea kanpotik ekarritakoa baino. “Jasangarritasunaren kontra doa barazkiak beren garaitik kanpo ekoiztea, eta are gehiago eskala horretan: ikusi dugu lehenagotik ere horrelako nekazaritza eta abeltzantza makroproiektuek zer ingurumen-hondamendi eragin dituzten”. Hasiera batean berotegi proiektuak 20 hektarea hartuko zituela aurreikusten zuten, baina geroztik aldaketak egon dira, eta momentu honetan ez dago argi zenbateko azalera izanen lukeen. Gardentasun falta salatu dute mugimendutik.

 

 

 

Herbehereetako makroberotegiak. Honelakoak dira Gaubean ezarri nahi dituztenak. Argazkia: joseantonioarcos.files.wordpress.com

 

 

 

Lan prekarizatua oinarrian

Egitasmoaren bultzatzaileek hura defendatzeko darabilten beste argudioa, lan ikuspegitik egoera zailean dagoen eskualdera aukera berriak ekarriko dituela da. Mauleonek, ordea, aldarri horren atzean tranpa dagoela uste du: “Denok dakigu nortzuk eta zein baldintza prekariotan ari diren Almeriako berotegietan lanean. Guk, eredu txikiko eta familiarreko nekazaritzaren bidez bultzatu nahi dugu bertako landa garapena, eta horretarako ari gara lanean”.

Gure inguruan horrelako proiektuak martxan jartzea galarazi nahi badugu, nahitaezkoa izanen da gure kontsumo eredua guztiz birplanteatzea. “Ezin da naturari bizkarra emanez ekoitzi: ezinezkoa da urte osoan tomateak jaten egotea”. Zentzu horretan, instituzioen inplikazio falta salatu du Mauleonek: “Harrigarria da instituzioek zer interes gutxi erakutsi duten agroekologiaren inguruan. Hitz onez betetzen zaie ahoa, baina praktikan, eskala handiko eta puntako teknologiadun eredu estraktibista da babesten dutena”.