argia.eus
INPRIMATU
Gaua pasa nahi zuten bi migratzaile kalean utzi ditu Irungo aterpeak
  • Asteartetik asteazkenerako gauean, lau hilabetez haurdun dagoen emakumeari eta gizonezko bere bikotekideari sarrera ukatu die migratzaileentzako Irungo aterpetxeak, hiriko Harrera Sareak salatu duenez. Behin baino gehiagotan salatu dituzte halakoak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko ekainaren 25a
Hainbat migratzaile, Irungo Harrera Sareko kideekin.

Nonbait, bikoteak ez zituen betetzen aterpetxean gaua pasatzeko irizpideak, baina Irungo Harrera Sareak salatu du irizpide horiek ez direla beti berdin aplikatzen, eta beraz ez dagoela argi zeintzuk diren eta nola bete.

Arrisku egoeran dagoen jendea modurik egokienean babesteko neurriak bermatzea ezinbestekoa dela dio Sareak, eta urgentea dela harrera irizpideak nola aplikatzen dituzten jakitea.

Ez da lehen aldia

Ez da Irunen halako gertaerak salatzen dituzten lehen aldia. Koliko nefritikoa zuen migratzaile bati adibidez, ateak itxi zizkioten, argudio burokratikoa emanez: asiloa eskatu zuen eta ez zegokion aterpe horretan egotea. Beste behin, haur bat eta bost emakume migratzaile, horietako bat haurdun, kalean lo egitera behartu zituzten, Irungo behin-behineko aterpean gaua igarotzea ukatu zietelako.