argia.eus
INPRIMATU
Gau-beranduan eta ilunpeen bihotzean
Ima Ubeda 2013ko maiatzaren 02a
Harkaitz Cano, Joxan Goikoetxea eta Petti.

Eraldatu egiten dira paisajeak gau-beranduan. Eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. Giza-piztiak ere berdin: izango da soseguaren bila erretiratuko denik eta baita ehizakiaren xerka abiatuko denik ere. Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau-beranduan. Maitaketa, konspirazioa eta sabotaia zainetan daramaten istorioak. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espreski ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua. Eta amorruak bere malenkonia. Mihise gaineko orban beltz batetik abiatzen den margolaria bezala, hari zerbaiten itxurantza emateko gero.

Harkaitz Canok xehekatu digu larunbatean Usurbilen eskainiko duten Gau beranduan ikuskizuna.

Bartzelonatik etorri berri zara. Gustura Sant Jordi eguneko esperientziarekin?

Hainbestetan nuen entzunda egun berezia zela... Eta bai, halaxe da. Egia da merkatuari begirako eguna dela, ez bereziki literarioa... Katalanez liburu gehiago ikustea espero nuen, egia esan, gaztelerazkoak dira jaun eta jabe, ordea.

Polita da goizeko bederatzietan jendea liburuak orri-pasa dabilela ikustea. Arratsaldean gehiegizkoa izaten da jendetza. Editore eta lagunak aurrez aurre ikusteko parada izan nuen eta Euskal Etxean liburua aurkeztekoa, giro ezin hobean.

Atentzioa gehien deitu didana zera da, liburuak erostearen zentzu nagusia liburu horiek beste norbaiti oparitzea dela.

Betidanik senidetu dira poetak eta musikariak gauarekin, gauaren mistikarekin. Hortik ere izango du akaso ‘Gau-beranduan’ ikuskizunak?

Topikoa da neurri batean, baina hor dago uste hori. Hiruok mahaiaren bueltan elkartu bezain pronto Joxan Goikoetxearen lehen galdera umoretsua horixe izan zen: “Zer egingo diagu, zerbait gau girokoa, artzain-poema lirikoak, happy happy...?”. Ez galdetu zergatik, baina hiruok aurpegira begiratu eta zirt-zart erabaki genuen gau girokoa zegokigula gehiago... Badago parrandaren epika hori, batzuetan faltsua dena, eta badago lanetik etxera nekatuta iristen denaren oda hori ere: errepasoa egiteko unea da gaua, atzera begiratu eta datorrenari aurre egiteko ordua. Deskantsua eta insomnioa, lasaitasuna eta kezka, biak dauzka gauak. Horixe tonua: gauaren sosegua batetik, eta mamuak bestetik.

Propio idatzitako testuak eta abestiak entzungo dituzte ikusleek ala zuen aurreko poema eta kantuetan oinarritzen al da saio berri hau?

Denetik egongo da: propio idatzitakoak, poema ineditoak eta zaharrak ere bai. Esperientziak erakusten dit hutsetik abiatuta baino giro politagoa lortzen dela askotan norbere kantu eta poema kuttunak erreskatatzen direnean. Horrek halako lur irmo bat ematen du, eta horren gainean inprobisatu eta eranstea errazagoa da. Gauza bera gertatzen da kantuekin: zenbait kanta ezagunak izango dira, beste batzukberriak, eta ezusteko bertsioak, okasiorako propio egokituak ere entzungo dira.

Nola sortu zen hirurok elkarrekin lan egiteko aukera hau? Lehen aldia izango da, akaso.

Lehen aldia izango da, eta Joxeanjel Arbelaitzen bitartekaritzak du errua. Eskerrak bera bezalakoei, geure lotsak ezabatu eta zail eman lezakeena erraz bihurtzen dutelako.

Joxan Goikoetxea lehendik ezagutzen nuen, baina Pettiren kantaeraren miresle izan arren, ez genuen elkar ezagutzen. Luxua da niretzat halako piztia eszenikoekin aritzea.

Hiru artista oholtza gainean. Zein izango da bakoitzak beteko duen funtzioa ‘Gau-beranduan’?

Zenbait disziplinatako dinamikan,  bestea norbere eremura erakartzea da interesgarriena, eta norbere buruari bestearen eremura joaten uztea, inork nortasunik galdu gabe, halako imantazio gozo baten baitan... Tentsioa sor daiteke, kontrolaren zati bat bestearen esku uzten delako, baina hortxe dago erronka. Joxan Goikoetxea atmosfera sortzaile trebea da, ñabarduretan maisu, eta Petti edergarririk behar ez duen kantaria da: abesteaz gain, primeran errezitatu dezake testua. Hori bai, ez dezala inork espero ni kantari entzutea, Joxanen erronka ezkutua hori zen arren...

FITXA: Gau-beranduan. Petti, Harkaitz Cano eta Joxan Goikoetxea. Estreinaldia: Maiatzaren 4an, gaueko 22:00etan, Sutegiko auditorioan, Usurbil (Gipuzkoa). Sarrera: 10 euro. Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.Babeslea: Usurbilgo Udala. Laguntzailea: Noaua! kultur elkartea.