Berrogeita hamabigarren kilometroa, Ormaiztegin, hasi eliza parean eta ia-ia Beasaingo mugaraino. Eta kilometro hori betetzeko izaldarrak (Idiazabalekoak) ormaiztegiarrekin batera. Errepidera begira jarri eta atzean, hegoaldean, Española mendia daukagu, bi herrien arteko muga inguruan hain zuzen ere.
Española, bai, dirudienez Lehen Karlistadan hala bataiatua; borroka lekua beti ere, oraindik aurki daitezkeen lubakiek erakusten duten bezala. Gogora datorkit giza kateari buruzko eszeptiko batek botatakoa: “Zertarako? Badaramatzagu hirurehun urte borroka horretan-eta!”.
Giza katean gurpil-aulkitik hartu du parte Kontxak; 95 urte, 36ko gerran sendirik konprometituena eta zigortuena izan zen berea Ormaiztegin. Alabak esan dio: “Sekretario zaharrak ikusiko balu hau, e?”. Eta Kontxak, “bai horixe!”. Sekretario zaharrak gorpuzten du oraindik oroimenean familia errepublikano hark jasan zuen tratuaren esku beltza. Gaur, giza katearekin herria gainezka ikustean, hartu dio Kontxak odolik gabeko mendeku puska bat sekretario zaharraren bandoari.
Ez bando hartakorik, baina bai talde, koadrila, alderdi, familia… hainbatetako jendea zegoen eskuz esku lotuta berrogeita hamabigarren kilometroan; adin tarte guztietakoak, eta tankera askotakoak; ekainaren 8a aspalditik gorriz markatuta zeukatenak eta azken orduan batu direnak, erakargarri bilakatu den uholdeak harrapatuta. Bakoitza bere esperientzia eta sentipenekin. Eta hori bider 123 kilometro… atera kontuak. Izaldarren gazta zatiaren gatzagian bilatu beharko da sekretua.