argia.eus
INPRIMATU
Gatibu

Jon Otermin Benito @jonmaya10 2020ko azaroaren 09a

Egun goibelak datozkigu beste behin. Neurri zorrotzagoen esperoan ginen, baina horrek ez du kolpea leunduko. Egia esan, ez dakit zenbatgarrenez egin diodan galdera berbera neure buruari: ea noiz bukatuko ote den honako egoera gogaikarria.

Gure bizitzen urterik konplexuena (eta, askorentzat, kaskarrena) izanen da eta, mementoan, pandemiari ez zaio amaierarik igartzen. Murrizteak bueltan ditugu, bigarren konfinamendu baten mamuarekin batera.

"Haiek diktatuko dute zer dagoen ondo eta zer ez. Eta gu horren lasai, itaunik egin gabe, gure eguneroko arazoak hutsalduz"

Beste askok bezala, sarritan ez dut ongi jokatu. Esan daiteke birusa ez dugula serio hartu eta, ezbairik gabe, larri edo hildakoren bat gurean izango bagenu oso ezberdina litzateke; eurei galde diezaietela. Horra hor gure hipokresia.

Aste gaitzak izan ziren martxo-apirilean bizitakoak. Lagunetik urrun, kalera irten gabe eta lanean sekula baino baldintza nekezagoetan funtzionatzen. Denbora luzez eman ditugu egunak etorkizun hobe baten zain. Alabaina, erantzunak, bata bestearen atzetik, antzekoak izan dira: “hobera joko du”, “bestelako aukerak etorriko dira” eta jite bereko esaldi-sorta positibistak.

Bitartean, agintariak euren zirkuan eroso sentitzen dira, biztanleagoaren bizimodua baldintzatuko duten neurriak irainez blaituriko parafernalian erabakiz. Geroago, kafetegian bildu eta hurruparen bat elkarrekin hartuko dute, akaso. Birusak kalte egin diezaieke, bai, baina soberan dakite euren geroaldia kolokan ez dagoela. Tamalez, haiek diktatuko dute zer dagoen ondo eta zer ez. Eta gu horren lasai, itaunik egin gabe, gure eguneroko arazoak hutsalduz.

Aro hauek agudo pasatzeko esperantza hortxe dirau, duela urte erdiko fobiek eta tormentuek agertzeko abagunerik izan ez dezaten. Hala ere, inork ez digu ziurtatuko berriz ere etxean geratu beharko ez dugunik. Duela gutxi, preso ohi bati galdetu nion espetxe-barneko aisialdiaren inguruan. Norberarentzako tarteak aprobetxatu beharra zeudela esan zidan. Ñabardurak ñabardura, antzeko zer edo zer egin beharko dugu denbora dezente bakar-bakarrik pasatzen dugunok. Beraz, hemen gaude, zartada jasotzeko prest.

Ahalik eta gutxien iraun dezala. Enegarrenez, atsekabearen gatibu baikara.