argia.eus
INPRIMATU
Gastu militarrera bideratzen dituen 5 eurotik 4 ezkutatzen ditu Espainiako Gobernuak
  • 2017ko Espainiako Aurrekontu Orokorretan 7.638 milioi euroko gastua aurreikusten da Defentsa Ministeriorako. Utopía Contagiosa kolektibo antimilitaristak aurrekontuak aztertu ditu eta ikusi du beste ministerioetan ezkutaturik egiten den gastu militarra eta zorra batuta gastua 33.762,4 eurokoa dela, alegia, datu ofiziala baino 26.124,4 milioi gehiago.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 25a
Maria Dolores de Cospedal, Defentsa Ministroa (Arg.: Europa Press)

Iaz 5.787 milioi euro gastatu zituen Defentsa Ministerioak eta aurten 7.638 milioi gastatuko ditu, %31,97 gehiago. Lehen Armamentu Programa Berezien (PEA) ordainketak ezkutatzen zituzten, baina Auzitegi Konstituzionalak gastu horiek publiko egitera behartu ditu eta aurrekontuetan ezarri behar izan dituzte; horregatik handitu da kopurua.

Defentsa Ministerioaren gastuaz gain, 8.852,29 milioi euroko gastua ezkutatu dute beste Ministerio batzuetan, gastu sozialak izango balira bezala. Industria, Nekazaritza eta Ingurugiro Ministerioek finantzatuko dituzte NATOri egindako ordainketak, itsas armadaren operazioak eta Defentsa Ministerioaren garraioa, besteak beste. Honela, Ministerio guztiak kontuan hartuta, gastua 16.490´83 milioi eurokokoa da.

Azkenik, aurrekontuetan zehazten den kopuruari gehitu behar zaizkio aurrekontuek izaten duten “gaingastua”, sortzen duten zorra eta horren interesak. Dena batuta 17.271´57 milioi euroko gastua suertatzen da, 2016an baino %7,09 gehiago.

2017ko gastu militar osoa 33.762,4 milioi eurokoa izango dela ondorioztatu daiteke, iazkoa baino %9,16 handiagoa.