argia.eus
INPRIMATU
Gastu militarra osasun eta gizarte beharretara bideratzeko kanpainarekin bat egin dute Euskal Herriko elkarte antimilitaristek
  • International Peace Bureau erakundeak, bakearen aldeko erakunde zaharrenak eta Nobel Saria jaso zuenak, gastu militarra nabarmen murrizteko eskaera aurkeztuko du Nazio Batuen hurrengo Batzar Nagusian, eta diru kopuru horiek bideratu daitezela osasun publiko zein  gizarte eta ingurumen beharrei erantzuna ematera. Kanpainarekin bat egin du hainbat euskal erakundek.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a

Zehazki, beraien atxikimendua publiko egin duten euskal elkarteak honakoak dira: AA-KEM-MOC Nafarroa, Bake-Ekintza Antimilitarista, Centre Delàs (Euskal Delegazioa), Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Eibar, Gerra Hemen Hasten da/La Guerra Empieza Aquí, Gernika Gogoratuz, Kakitzat koordinakunde Antimilitarista eta KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitarista. Irailean izango da batzarra, eta bake kulturaren alde egiteko eskatzen zaie agintariei.

Nabarmendu dutenez, “munduko gastu militarra 1,8 bilioi dolarrekoa da urtean, Gerra Hotzaren amaieran baino % 50 handiagoa. Kopuru horren %10arekin, munduko gosea amai zitekeen eta biztanleriaren oinarrizko beharrak ase. Ez dugu inoiz ahaztu behar munduan 100.000 pertsona inguru hiltzen direla egunero baliabide faltagatik”.

Gastu militarra, gizarte-premien aurretik

Alarma egoera ezarri zenetik, militarizazio soziala areagotu egin dela salatu dute elkarteek: “Hori agerian geratzen da bai prentsaurrekoetako agintari militarren partaidetzan, bai gure kaleetan ikusi dugun soldaduen presentzian; gerra-hizkerarekin ikuspegi sekuritarioa legitimatzen saiatu dira, non armadaren existentzia ezinbestekoa izango litzatekeen; bestalde, nabarmen geratu denez, unitate militarrek egindako desinfekzio-ekintza puntualek eta ez-estrukturalek beste zerbitzuetako langileek egin zitzazketen, hobeto hornituta baleude: osasun-arlokoek, garbiketakoek eta babes zibilekok adibidez. Langile hauek baliabide nahikoak izan beharko lituzkete, gastu militarrak baldintzatu gabeko aurrekontuak, baina hamarkadatan gastu militarra gizarte-premien aurretik lehenetsi da”.

Krisiak gogoetarako balio dezala

Krisi berri honek estatu eta nazioen armagabetzea eskatzen duela ere gehitu dute, “hau baita gure ekonomien eraldaketa handirako giltzarrietako bat”. Ezin da “normaltasunera” itzuli, diote, “normaltasun hori bera krisi egoera baitzen. Badakigu ez dela lan erraza izango, gaur egun interes ekonomikoak pertsonen eskubideen eta premien gainetik daudelako, baina pairatzen ari garen osasun-krisi globalari nola aurre egin aztertzearekin batera ezinbestekoa izan beharko luke gizarte gisa jarraitzen ari garen zoritxarrezko norabideari buruzko hausnarketa”.

GAIAREKIN LOTUTA:

- Gastu militarra osasunaren aurka

- Zenbat ospitale mantendu daitezke euskal piezak daramatzan Eurofighter hegazkinetan gastatuko den diruarekin?