argia.eus
INPRIMATU
Gastu militarra handitu nahi du Espainiako Gobernuak
  • Barne Produktu Gordinaren %1,4 bideratzen da gaur egun Espainiako Defentsa ministeriora. Gastua %2raino igo nahi du datozen urteetan Gobernuak, Pedro Sánchezek iragarri duenez.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 15

Europako atarian gerrarik egon zitekeenik ez genuela uste eta bat-bateko zartakoa jaso dugula esan du Sánchezek: “Bizi duguna ez da pelikula bat, erreala da, kanpo politika eta segurtasun komuna indartu behar dugu, baita NATOren eta Europar Batasunaren arteko osagarritasuna ere”.

EH Bildu, Más País eta Compromís alderdiek jada adierazi dute ez dutela gastua handitzearen alde egiten, arlo sozialera bideratzen den dirua murriztuko delakoan. Gainera, erantzun militarrari baino, laguntza humanitarioari eman behar zaio lehentasuna, alderdi hauen ustez.

ERC alderdiak ez du bere jarrera esplizituki argitu, baina kritiko agertu da Gabriel Rufíán ERCren bozeramailea Espainiako Kongresuan: “Modu argian 20.000 milioi euro gastatzen ditu Defentsan Espainiak. Pandemiaren ostean Osasun arloko aurrekontua nahiko gutxi igo da, baina aste gutxi behar izan dira hau guztia arma eta gerra gehiagorekin konpontzen dela pentsatzeko”.