argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Zentro Sozialista desalojatu dute eta Ertzaintza protestan ari zirenen kontra oldartu da
  • Ostegun eguerdian Gasteizko Zentro Sozialista desalojatzen hasi dira ertzainak, Laboral Kutxaren aginduz. Arabako hiriburuko Dato kalean dagoen egoitzara pertsona bat lotu da goizean, eta hari babesa ematen ari zirenen kontra oldartu da Ertzaintza.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 13a
(Argazkia: Gedar)

Tentsio uneak Gasteizen Dato kalean. Zentro Sozialista deslojatzeko agindua eman du Laboral Kutxak ostegun honetan 13:15etan, aurreikusita zegoen bezala. Zentroa husteko operazio poliziala abiatu du Ertzaintzak eta eguerdian izandako oldarraldietan hainbat pertsona identifikatu –EFE agentziaren eta EiTBren arabera bederatzi lirateke– eta gutxienez gazte bat atzeman du. Zaurituak ere izan dira poliziaren golpe eta bultzakaden ondorioz.

Gedar kazetak azaldu duenez, gutxienez hiru lagunek ospitalera joan behar izan dute eta Ertzaintza rotaflexak eta mailuak erabiliz sartu da egoitzara. Tentsio une nabarmenak izan dira, baina hasierako oldarraldiaren ostean gazteek aurrera egin dute berriz ere.

Goizean, pertsona bat egoitzaren erakinera lotu da, desalojoagatik protesta egiteko eta ertzainek haren inguru hesitu dute. Berriako kazetari Unai Etxenausiak jaso duenez, une horretan jendea kateatu den lagunari babesa ematera gerturatu da eta Ertzaintza oldartu egin zaie.

Hala Bediren arabera, jendea bultzaka eta kolpeka eraman dute General Alava kaleraino eta hainbat mehatxu egin diete, errepidea moztuz gero salatu egingo dituztela.

Abenduaren 28an jakinarazi zuten Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak, Laboral Kutxak uko egin ziola negoziatzeari, Dato kalean duen egoitzan sorturiko Zentro Sozialistaren inguruan: "Desalojoarekin jarraitzeko hautua hartu du". Espazio, politiko, sozial eta kultural gisa aldarrikatu dute zentroa eta bertan egindako ekintza anitzak gogorarazi.

Gasteizko Kontseilu Sozialistaren esanetan operazioan Ertzaintzak dron bat ere erabili du: "Gaur garaitu egin gaituzte, baina zentroen beharra agerikoa da eta horregatik antolatzen jarraituko dugu", azaldu du erakunde horretako ordezkari batek sare sozialetan zabalduriko bideoan. Arratsaldeko 18:30ean manifestazioa deitu dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan.