Talkako kideek jakinarazi dutenez udaltzainek ez zeramaten agindu judizialik, eta eraikinera sartzeko ahalegina saiakera hutsean geratu da.
Ostegun gauean gerturatu zen Gasteizko Udaltzaingoaren patruila bat Talka espaziora, eta atzeko atetik eraikinera sartzen ahalegindu. Talkako kideek Hala Bediri jakinarazi diotenez, udaltzainek ez zeramaten inolako agindu judizialik, eta eraikinera sartzea saiakeran geratu zen.
Abenduaren 15ean eman zuten ezagutzera Talka espazioa, Gasteizko Alava-Velasco jauregia okupatu eta espazio feminista bilakatu ostean. Helarazitako oharrean hala zioten: "Badugu behar bat emakume, bollera eta trans bezala, gure gorputzak, bizipenak, borrokak, zalantzak eta harremanak lehen plano batean jartzeko. Erasotuak izatetik, margenetan bizitzetik, zentroak hartzera igaroko gara".