argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzten dituela salatu du Ernaik ekimen batekin
  • Ekimen honen bitartez instituzioetan dauden langile gazteei ostegunetik larunbatera antolatu diren 'Bizitzak Biziarazi!' izeneko prekarietatearen aurkako martxetan parte hartzeko deia luzatu diete.

Hala Bedi @halabedi 2019ko ekainaren 13a
Prekarietatearen aurkako ekimenen aurkezpena Gasteizen. Argazkia: @ErnaiGasteiz.

Ernai Gazte Antolakundeak ekimen bat egin du Gasteizko Plaza Berrian “zerbitzu publikoetan lanean gauden gazteok pairatzen dugun prekarizazioa” salatzeko. Ohar batean adierazi dutenez, Gasteizko Udalak eta beste hainbat instituzio publikok zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzten dituzte: “Lehiaketa publiko baten bitartez enpresak aukeraketa prozesu batean sartzen direnean, enpresek etekin ekonomikoak lortzen dituzte gazte langileon lan baldintza eskasen truke”.

Gazte Antolakundeko kideek argi dute: “Enpresa hauek ez dute inolako funtziorik, instituzioaren diruarekin geratzeaz aparte”. Eta eskalatzaileak, sorosleak, FCC, etxez-etxeko zerbitzuak eta beste hainbat ogibide jarri dituzte adibidetzat. “Azpikontrata hauek etekin horiek lan hitzarmenak ez errespetatzearen, langileon babeserako ekipamenduak ez ematearen, soldata baxuak kobratzearen eta orokorrean langileen eskubideak ez errespetatzearen truke lortzen dituzte”.

Gaineratu dutenez, eremu hauetan horrelako enpleguak dituzten asko eta asko gazteak dira, haietako asko praktiketako edo aldi baterako kontratuen bidez lanean daudenak. Honen aurrean, Gasteizko Udalari erantzukizunez joka dezala eskatu diote eta institzuioetako langileei prekarietatearen aurkako martxetan parte hartzeko deia luzatu diete.

Araban amaituko dira prekarietateari aurre egiteko martxak

Ekainaren 13an eta 14an, Ernai Gazte Antolakundeak antolatuta eta Bizitzak biziarazi lemapean, martxa ezberdinak egingo dituzte Euskal Herri txoko ezberdinetan. Ostegunean, mahainguruak eta ekimen ezberdinak egongo dira auzo ezberdinetan eta ostiralean, goizetik hasita hiriko kaleak astinduko dituzte gazteek: «Ostiral arratsaldeko (18:00) ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, prekarietatearen aurkako mobilizazioa izango baita».

Larunbatean, ekainaren 15ean, Gasteizen ekitaldi zentralak egongo dira, Euskal Herri mailakoak: 12:00etan Artium plazan bilduko dira, harrera asanbladan, eta 19:00etan amaiera ekitaldia egingo dute.