argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udalak Mozal Legea aplikatu die hiru herritarri, farol batetik ikurrina zintzilikatzeagatik
  • Aberri Egunaren ataritan farola batetik ikurrina zintzilikatzen ari zirela identifikatu zituen hiru pertsona Gasteizko Udaltzaingoak. Mozal Legea aplikatu diete, eta 100 euroko isuna jarri bakoitzari.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 19a

Aleak eman du gertatutakoaren berri: Gasteizko Udalak hiru pertsonari 100na euroko isuna jarri die hiru pertsonari, "erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo hondatzea" leporatuta Herritarren Segurtasunerako Sailak Mozal Legearen 31.13 artikuluaren arau-hauste arina egotzi ondotik. Arrazoia: hiriko farol batetik ikurrina eskegi izana.

Zigortutako hiruetako batek hitz egin du Alearekin, eta hark azaldutakoaren arabera, gertakizunak apirilaren 1ekoak dira. Aberri Egunaren bezperak izanik, Gasteizko Zabalgana auzoko Buradon Gatzaga Parkeko farola batean ikurrina zintzilikatzen ari ziren hiru lagunak, goizeko 09:30etan, egun argiz eta lasaitasunez, Udaltzaingoaren bi patruila beraiek identifikatu asmoz hurbildu zitzaizkienean. Antza, ikurrina zintzilikatzen ari zirela-eta, bizilagun batek dei anonimoa egin zuen Poliziari abisu emateko.

Jazoerez harriturik, identifikatuek Udaltzaingoari jakinarazi zioten ez zekitela ikurrina jartzeak inolako arau-haustea zekarrenik. "Horrelako intsignia bat ofentsiboa eta oinezkoentzat arriskutsua izan zitekeela esan zigun. Erabat harritu gintuen poliziaren ahotik hori entzuteak, agerikoa denean Udaltzaingoak berak ikurrin pare bat daramatzala uniformean", adierazi dio Aleari kaltetuak.

Ikurrina zintzilikatzeaz gain, Udaltzaingoak parkean dagoen eta Euskal Herria Batera dioen pintaketa bat egin izana ere leporatu nahi izan diela jakinarazi dio hedabideari. Alabaina, hiruek ukatu dute akusazio hori, argudiatuz pintaketa aurretik zegoela.